16:38

Politika

Uribetxebarria auzia

Fiskaltzak helegitea jarri du Uribetxebarriaren askatasunaren aurka

Erredakzioa

Presoaren defentsak alegazioak aurkeztuko ditu. Gallardonek, berriz, babestu egin du Fiskaltzaren erabakia.

01:46
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu du gaur minbizia duen Josu Uribetxebarria ETAko presoa baldintzapean aske uzteko Jose Luis Castro epaileak hartutako erabakiaren aurka, horren bizitza epe laburrean ez dagoela "arriskuan" eta ez dela damutu argudiatuta.

Hain justu, bihar bukatzen da helegitea aurkezteko epea. Gobernuak presoari hirugarren gradua eman zionean, Fiskaltzak ez zuen erabakia errekurritu.

Idatzian, Pedro Rubira fiskalak Jose Luis Castro epailearen erabakia zuzentzeko eskatu dio Fernando Grande-Marlaska epaileari.

Helegite honen ondorioz, gelditu egin da Uribetxebarria askatzeko prozesua. Castro epailearen erabakia irmo bihurtuz gero baino ez lukete askatuko.

ETAko presoa abuztuaren 1etik dago Donostia Ospitalean, minbiziak jota.

Epaileak presoa aske uztea agintzeko autoan azaldu zuenez, txosten mediko guztiek adierazten dute presoak "gaixotasun larri eta sendaezina" duela, "oso pronostiko txarra" duela eta bizi-itxaropena "6-12 hilabetekoa" dela.

Presoaren defentsak alegazioak aurkeztuko ditu

Josu Uribetxebarria presoaren defentsak alegazioak aurkeztuko ditu Fiskaltzaren helegiteraren aurka. Hala baieztatu du Arantxa Aparicio abokatuak. Alegazio horiek legean oinarrituta egingo dituztela azaldu du defentsak, horren ustez, legea oinarri hartuta presoa aske utzi behar dutelako.

Halaber, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegiaren erabakiaren aurrean ere helegitea jarriko dutela baieztatu du, presoa berehala aske uzteko ebazpena atzera bota baitzuen auzitegi horrek.

Gallardonek babestu egin du Fiskaltzaren erabakia

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak babestu egin du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztea erabaki izana. Horren hitzetan, ez zuten Fiskaltza deitu presoa bisitatzera joateko, eta, hori hartu omen dute oinarri.

Ministroak azaldu duenez, Fiskaltzaren ustez oinarrizko prozedura da presoari zuzenean bisita egitea, eta, prozedura horretan parte hartu ez izanak bultzatu du erabakia. Barne Ministerioak hartutako erabakian (hirugarren gradua ematea) baldintzak bete zirela uste du Fiskaltzak; baina presoa aske uzteko Jose Luis Castro epaileak hartutako erabakian, aldiz, ez dituzte bete, Ruiz-Gallardonek azpimarratu duenez.

Ministroaren hitzetan, helegiteak ''argi bereizten du hirugarren gradua zein askatasuna eskaintzeko bete beharreko baldintzak''.

Angeles Pedraza AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentean ustez, bestalde, Fiskaltzaren erabakiak ''indar handiagoa'' ematen die biktimei, eta ''itxaropenerako zirrikitua'' irekitzen du.

''Heriotza-zigorra ezarri nahi diote Uribetxebarriari''

Ezker abertzalearen ustez, ''oso larria'' da Fiskaltzak hartutako erabakia. ''Heriotza-zigorra ezarri nahi diote Uribetxebarriari'', esan dute ohar batean. Ezker abertzaleak idatzi horretan salatutakoaren arabera,
Gobernua ''tematu'' egin da ETAko presoen eskubideak urratzen. ''Irtenbiderako prozesua blokeatu eta baldintzatzeko muturreko egoerak sortzen dituzte'', gaineratu du.

Era berean, Uribetxebarriaren eta gaixo dauden ETAko beste presoak aske uztea eskatzeko biharko deitu dituzten protestekin bat egiteko deia egin diete herritarrei.

Herrira, oso kritiko

Herrira plataformaren esanetan, Fiskaltzak helegitea jarri izana "giza eskubideen urraketa nabaria eta euskal jendartearen bake eta konponbide nahiarekiko adar jotze onartezina" da. Plataformak agiri batean adierazi duenez, Uribetxebarria "hiltzen" ari da eta "aspaldi aske behar zuen, legez eta eskubidez hala behar behar duelako". "Helegiteak bilatzen duen bakarra konponbidea eta bakearen aurka eta gatazkari iltzatuta dauden sektore atzerakoienen mendeku gosea asetzea da", gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena