Politika
Espainiako Gobernua
EITB Media
Espainiako Gobernuko presidenteak ezin ditu Gorteak maiatzak 30 baino lehen desegin. Sanchezek balizko konfiantza-galdean ez luke gehiengo osorik beharko, eta bere esku duen tresna politiko bat da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak karguan jarraitu ala ez erabakitzeko gogoeta egin behar duela iragarri ondoren, agintariak aukera desberdinak ditu mahai gainean. Buruzagiak ezin ditu Gorteak maiatzak 30 baino lehen desegin, baina bai konfiantza-galdea planteatu. Gainera, bozketa horretan ez luke gehiengo osorik beharko. Hauteskundeak deitzekotan, uztailaren azken asteetan izan beharko lirateke. Legeak ez du aurreikusten bozak igandean izan behar direnik, baina hala balitz, litekeena da uztailaren 28an egitea.
Beste aukera bat Presidentetza beste ordezkari sozialista baten eskuetan uztea litzateke, baina horrek Erregearen kontsulta prozesu berri bat eta beste inbestidura bat antolatzea beharko luke, eta egungo mapa politikoarekin, akordio eta konplizitate ugari beharko lituzke.
Konfiantza-galdea Espainiako gobernuburuaren esku dagoen tresna politiko bat da, Parlamentuan ahultasun egoera bati aurre egiteko. Baliabide horren bidez Gobernuak Kongresuari babesa eskatzen dio.
Konstituzioaren 172. artikuluaren arabera, Gobernuko presidenteak, Ministro Kontseiluan eztabaidatu ondoren, konfiantza-galdea planteatu dezake Kongresuaren aurrean, bere programa politikoaren edo politika orokorraren inguruan. Diputatuen gehiengo sinple batek aldeko botoa ematearekin nahikoa da. Eztabaidak inbestidura saioen formatu berdina izango luke.
Sanchezek Kongresuaren konfiantza lortuko ez balu, dimisioa emango balitz bezala gertatuko litzateke, eta presidente berria izendatzeko prozesua abian jarriko lukete, erregearen kontsulta eta inbestidura eztabaida berri batekin.
Espainiako gobernuburuak dimisioa ematen baldin badu, zalantza askoko agertokia zabalduko litzateke, baina Konstituzioan eta hauteskunde-legean jasota dagoen aukera da.
Pedro Sanchezek dimisioa emango balu zer gertatuko litzateke?
Kasu horretan, Gobernuak jardunean jarraituko luke lanean, Gobernuko presidente berri bat izendatu arte. Horrek esan nahi du Exekutiboak bere funtzioak mugatuta izango lituzkeela, legeztatzeko gaitasunik gabe, hauteskunde orokorrak igarota, gobernu berria aukeratu baino lehen, gertatu ohi den bezala.
Nork izendatuko luke presidente berria?
Kongresuak aukeratu beharko luke presidente berria, hauteskunde orokorren ostean ematen diren inbestidura prozesu beretsuarekin. Erregeak bilera-sorta egingo luke Ganbera ordezkaritza lortu duten indar politikoekin, eta haien iritziak entzun ondoren hautagai bat izendatuko luke.
Pedro Sanchez ordezkatzeko erregeak aukeratutako hautagaiak inbestidura eztabaida bati egin beharko lioke aurre, eta hautatua izateko Kongresuaren gehiengo osoaren babesa jaso beharko luke lehenengo bozketan, edo ezezko baino baiezko gehiago bigarren bozketa batean.
Presidentegaiak babesik ez badu, erregeak proposatutako hautagai berriei aukera emateko bi hilabeteko epea jarriko litzateke martxan. Bi hil horien ondotik, hautagai sendorik ez badago, Gorteak desegin eta hauteskunde orokor berriak deituko lirateke.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa