21:49

Politika

Espainiako Gobernua

Sanchezek bertan behera utzi du bere agenda publikoa gobernuburu gisa jarraitzen duen aztertzeko

EITB MEDIA

Herritarrei zuzendutako gutun batean, Alberto Nuñez Feijoo eta Santiago Abascal PPko eta Voxeko buruzagiei, hurrenez hurren, "lokatzaren makina" martxan jartzea egotzi die Espainiako gobernuburuak. Sanchezek datorren astelehenean agerraldia egingo duela iragarri du, erabakiaren berri emateko.

  • Sanchez, gaur, Kongresuan

    Sanchez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du bere agenda publikoa bertan behera utziko duela datozen egunetan, Exekutiboaren buru jarraitu behar ote duen aztertzeko, Begoña Gomez emaztea ikertzen ari direla jakin ondoren.

"Gelditu eta gogoeta egin behar dut. Merezi duen ala ez, erantzun bat bilatzea premiazkoa dut, nahiz eta eskuinak eta ultraeskuinak politika lokatz bihurtu nahi. Gobernuburu gisa jarraitu behar dudan edo ohore horri uko egin", idatzi du herritarrei zuzendutako gutun batean, X sare sozialean.

Sanchezek Madrilgo epaitegi batek Gomezen aurkako ikerbidea abiatu ondoren hartu du erabakia. Manos Limpias ultraeskuineko sindikatuak eraginen trafikoa eta ustelkeria delituak egotzi dizkio Espainiako presidentearen emazteari.

Emaztearen kontrako "aurrekaririk gabeko" erasoa deitoratu du gobernuburuak, egoerari eusten jarraitzea merezi ote duen galdetu dio bere buruari.

Sanchezek gutunean ziurtatu duenez, "nahiz eta eskuin eta ultraeskuin politikoek bere buruaren karikatura bat egin, sekula ez da karguari atxikita egon". "Betebeharrari, konpromiso politikoari eta zerbitzuari, ordea, bai eutsi behar diet. Nik ez ditut karguak atsegin, erantzukizun goren horiek balioan jarri nahi ditut, herriak aurrerapausoak eman ditzan", azaldu du.

Espainiako Gobernuan lanean jarraituko duela erantsi du, baina agenda publikoa "egun batzuk" bertan behera utziko du, "hausnarketa egin eta hartu beharreko bidea erabaki ahal izateko". Gainera, datorren astelehenean agerraldia egingo duela iragarri du, erabakiaren berri emateko.

PPren eta Voxen aurka egin du Espainiako gobernuburuak, ekainaren 23ko "hauteskundeen emaitza onartu ez zutelako". "Eta orain Gobernuko presidente baten bizitza familiarrari zor dioten errespetuaren marra gainditu dute, bizitza pertsonalari eraso eginez", salatu du.

Alberto Nuñez Feijoo eta Santiago Abascal PPko eta Voxeko buruzagiei, hurrenez hurren, "lokatzaren makina" martxan jartzea egotzi die, eta "etsai politikoari zilegitasuna eta gizatasuna kentzeko saiakeran, salaketa faltsu bezain eskandalagarrien bidez".

"Puntu honetara iritsita, nire buruari egiten diodan galdera hurrengoa da: honek guztiak merezi al du? Egia esanda, ez dakit. Eraso hau oso larria eta latza da; beraz, gelditu eta nire emaztearekin batera gogoeta egin behar dut", ziurtatu du Sanchezek. Emaztearekin "erabat maiteminduta" dagoela onartu du agintariak. Azkenik, "egunero zabaltzen duten lokatzaren aurrean ezintasuna", agertu du Sanchezek.

Eskutitza zabaldu ondoren, Sanchezek  Exekutiboan eta PSOEren zuzendaritzan hurbilen dituen kolaboratzaileekin bilera egin du Moncloan. Bilera 20:30 inguruan hasi da, eta bertan izan dira Maria Jesus Montero lehen lehendakariorde eta Ogasuneko ministro eta PSOEko idazkariorde nagusia, Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa, Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa eta Santos Cerdan Antolaketako idazkaria.

Sanchezen gutunak hautsak harrotu ditu. Horrela, Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaileak nabarmendu du Sanchezek "duintasuna eta kemena ordezkatzen dituela, eskuin immoralaren aurrean". Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren ahotan, "eskuinak eta muturreko eskuinak marra guztiak gainditu dituzte".

Javier Maroto PPko senatariak, aldiz, adierazi du Espainiako gobernuburuaren gutuna "Sanchezen enegarren itzulipurdia" dela, eta "aurrekanpaina ekintza bat" biktimaren plantak egiteko. Era berean, Rafael Hernando PPko diputatuak kritikatu duenez, Sanchezek "biktimaren papera hartu du". "Eraginen trafikoari buruzko deus ere ez", gaineratu du.

"Bere agintaldiaren ustelkeria uholdea estaltzeko biktima bezala agertzea", leporatu dio Voxek Sanchezi. Horregatik, aurrena dimisioa ematea eta ondoren, "nahi izanez gero", gogoeta egitea eskatu dio.

Bestalde, Pablo Gomez Perpinya Mas Madrideko senatari ohiak uste du Sanchezek konfiantza-galdea planteatuko duela, Exekutiboaren "zilegitasun krisia" ixteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena