17:03

Politika

A21

EH Bildu: "Gobernantza eredu berri bati irekiera eman behar dion ziklo politiko berri batean gaude"

Eriz Lotina | EITB Media

EH Bilduko Mahai Politikoak bilera egin du gaur arratsaldean, hauteskunde-eguneko emaitzen irakurketa sakonagoa egiteko. Otegiren hitzetan, boto-emaileek "politika abertzaleagoak, politika suberanistagoak eta ezkerreko politikak" eskatu dituzte.

1:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gaur adierazi duenez, "gobernantza eredu berri bati irekiera eman behar dion ziklo politiko berri batean gaude".

EH Bilduko Mahai Politikoak bilera egin du gaur arratsaldean, hauteskunde-eguneko emaitzen irakurketa sakonagoa egiteko. Ondoren, Otegik agerraldia egin du.

Otegiren hitzetan, boto-emaileek "politika abertzaleagoak, politika subiranistagoak eta ezkerreko politikak" eskatu dituzte.

Koalizioko koordinatzaile nagusiak "eskerrik beroena" eman nahi izan die hautesleei, euskal diasporari zein militanteei hauteskunde-egunaren biharamunean. Aurreneko biei emandako konfiantzagatik eta hirugarrenei "sekulako kanpaina" egin dutelako.

"Aldaketa hemen dago", nabarmendu du Otegik agerraldiaren hasieran. EH Bilduko buruzagiaren ahotan, igandeko emaitzek "estrukturala den joera bat" islatzen dute, "ez bakarrik hiru herrialdeetan, Euskal Herri osoan baizik".

Otegiren esanetan, EH Bilduk "hazkunde ikusgarria izan du, hori da errealitatea". Gainera, nekazal eremuetan soilik ez, hirietan emaitza onak izan dituzte nabarmen du nahi izan du buruzagiak. Zentzu horretan, Iruñean gobernantzen ari direla gogorarazi nahi izan du, eta Donostian EAJren parean direla eta Gasteizen gailentzea lortu dutela. Hori bai, Bilbon oraindik jeltzaleek "aldea ateratzen" dietela onartu du.

"Gure joera ez da koiunturala, estrukturala baizik", berretsi du. Hiru herrialdeetatik bitan (Gipuzkoa eta Araba) EH Bildu gailendu dela azpimarratu du Otegik. Bestalde, EH Baik eta EH Bilduk Euskal Herrian 420.000 bozen langa gainditu dutela goraipatu du.

Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideetatik 55 "subiranistak" (EAJ, EH Bildu eta Sumar) direla adierazi du koalizioko ordezkariak, eta 75etik 40 "ezkerrekoak" (EH Bildu, PSE-EE eta Sumar). Honenbestez, "jendeak abertzale eta ezkertiar bozkatu du", erantsi du. Hori dela eta, Arnaldo Otegik galdetu du ea, azkenean, Euskadin "abertzaleak batuko diren, ezkerretik batuko diren edo berriro hertsiak diren gobernuetara mugatuko diren".

"Jakina, EH Bildurengatik bada, irribarre zabal batekin, munduko lasaitasun guztiarekin, munduko pazientzia guztiarekin, ez dugu presarik; oso urruti goazelako, guregatik ez da izango, baina uste dugu jendeak bozkatu duena bete behar dela, subiranotasun handiagoarekin eta ezkerreko politika gehiagorekin", gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena