Politika
A21
Hauek dira hauteskunde gauaren gako nagusiak
IKER GOMEZ DE LA PEÑA | EITB MEDIA
Hautetsontziek inoizko Eusko Legebiltzarrik abertzaleena marraztu dute gaur, EAJk eta EH Bilduk lau eserlekutik hiru eskuratu baitituzte. Zehazki, 75 legebiltzarkideetatik 54 bi alderdi horietakoren batekoak izango dira.
Hautetsontziek inoizko Eusko Legebiltzarrik abertzaleena marraztu dute gaur, EAJk eta EH Bilduk lau eserlekutik hiru eskuratu baitituzte. Zehazki, 75 legebiltzarkideetatik 54 bi alderdi horietakoren batekoak dira.
Inkestek zenbaketa eta emaitza estua aurreikusten zuten, eta hala izan da. EAJ eta EH Bildu berdintuta izan dira zenbaketa hasi denetik.
Azkenean, jeltzaleek botoetan irabazi dute berriro ere, aurretik Euskadin izan diren hauteskunde autonomiko guztietan bezala. Gainera, duela lau urte baino 20.500 boto gehiago eskuratu ditu EAJk.
Demokrazian egin diren hauteskunde prozesu guztiei erreparatuz (udaletakoak, foralak, Europakoak…), EAJk 60 hauteskundeetatik 54 irabazi ditu.
Oraingo honetan, jeltzaleek hirugarren emaitza historiko onenak izan zituzten azken hauteskundeetan; izan ere, 2020an, pandemia bete-betean, 31 eserleku eskuratu zituzten (gaur gauean baino lau gehiago). Bi aldiz baino ez dute lortu ordezkaritza handiagoa: Carlos Garaikoetxearen bigarren agintaldian (32 eserleku) eta 2001ean, Eusko Alkartasunarekin koalizioan (33).
Txanponaren beste aldean, jeltzaleak bigarren indarra izan ziren 1986an, PSE-EEk irabazi baitzuen eserlekuetan. Hala ere, EAJk Lehendakaritzari eustea lortu zuen. Bestalde, 2009ko hauteskundeetan, sozialistek 25 eserleku lortu zituzten, eta PPrekin lortutako akordioari eta UPyDren babesari esker, lehen aldiz kendu zioten lehendakaritza EAJri.
Aurreikusitakoa bete du EH Bilduk, eta inoizko emaitzarik onena lortu du gaurkoan. Duela lau urte baino sei eserleku eta 90.000 boto gehiago lortu ditu. Koalizioak lehen aldiz irabazi du Araban eta Gipuzkoan. Boto kopuruari dagokionez, EAJ eta EH Bilduren arteko aldea inoiz baino gehiago murriztu da gaur: 29.000 botoko aldea dago bien artean.
Hirugarren tokian, Alderdi Sozialista geratu da berriro ere, boto kopurua handituz. 2016an izan zuten sozialistek emaitzarik kaskarrenak, Podemosen agerpena dela eta. Orduan, laugarren tokira jaitsi ziren, bederatzi legebiltzarkiderekin. Oraingoan, Eneko Anduezaren PSE-EEk aurreko hauteskundeetan baino 24.000 boto gehiago jaso ditu.
2016koa izan zen garairik gozoena Podemosentzat: 11 eserleku lortu zituzten orduan, baina bi legealdi geroago, eta Sumarretik bereizita, desagertu egin dira hemiziklotik. Sumarrek, aldiz, lortu egin du Eusko Legebiltzarrean sartzea.
Alderdi Popularrari dagokionez, nabarmen hobetu ditu emaitzak, 2020an 60.000 boto izatetik 2024an 96.000 izatera igaro baita. 2001ean Eusko Legebiltzarrean bigarren indarra izatera iritsi zen alderdia, Jaime Mayor Orejarekin, 19 eserleku lortuta. Orain, laugarren alderdia da, 7 legebiltzarkiderekin.
Voxek ere orain arte zuen legebiltzarkideari eustea lortu du, eta duela lau urte baino 3.500 boto gehiago eskuratu ditu.
Nabarmendu beharreko beste xehetasun bat parte-hartzea izan da. Demokraziaren daturik txarrenetik gentozen; izan ere, 2020an, hautesleen erdiak ez ziren botoa ematera joan. Hauteskunde hauetan, berriz, botoa emateko eskubidea zutenen % 63k parte hartu dute. 2001ean erregistratutako % 78ko parte-hartzetik urrun dago datua.
Hauteskunde-gaua amaituta, behin betiko zenbaketa ostiralean ezagutuko dugu, erreklamazioak berrikusi eta atzerriko botoa zenbatu ostean, orduan kaleratuko baitituzte behin betiko emaitzak.