Imanol Pradalesi (EAJ) eraso egin diote mitin baten ostean, Barakaldon
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eraso egin diote arratsaldean Barakaldon, mitin batean parte hartu eta gero, 49 urteko gizonezko batek aurpegira piperbeltz-gasa jaurti baitio. Lehen informazioen arabera, erasoak ez du motibazio politikorik izan.
Hautagai jeltzalea Gurutzetako Ospitalera eraman dute, artatua izateko, baina alta eman diote jada eta parte hartu ahalko du EITBren hauteskunde debatean. EITBk jakin izan duenez, hautagai jeltzaleak gorrituta zituen begiak eta aurpegia. Medikuen txostenaren arabera, ikusmena ezkerreko begian kaltetuta du Pradalesek, eta aurpegiaren eskuineko aldea hozminduta.
Pradalesek Barakaldoko ekitaldi politikoan parte hartu du, eta ondoren EITBren hauteskunde debatera bidean zegoenean egin diote erasoa. Erasotzailea atxilotu egin dute.
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak mitinean azaldu duenez, Pradales EITBren egoitzara bidean zegoenean "piperbeltz spray batekin" eraso diote.
"Ez dakigu zergatik gertatu den, baina dena dela, hausnartu egin beharko genuke halako jokaerak bidea diren euskal gizartean", deitoratu du Ortuzarrek.
EITBren egoitzara iritsi denean, Pradalesek adierazi du erasoa "sustoa" izan dela, baina uste du ez duela "euskal gizartea ordezkatzen", Euskadin jendeak "errespetu handia" duelako. Gainera, gertakari isolatua izatea eta berriro ez gertatzea espero du.
Gurutzetako Ospitalean artatu duten oftalmologoei eskerrak eman ostean, "nahiko ondo" sentitzen dela esan du, baina ez du ezkerreko begitik "oso ondo" ikusten, eta jasotzen ari den babesekin "txundituta" azaldu da.
"Espraiarekin eraso egin didate aurpegi osoan, eta une honetan ikusmen gutxi dut ezkerreko begitik, baina eman didaten tratamenduaren ondoren, denbora behar duen prozesu bat dela esan didate", gaineratu du.
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak elkartasuna adierazi dio EAJren Lehendakaritzarako hautagaiari. ETBra iritsi denean gertatutakoaren berri izan duela adierazi du Otxandianok. "Espero dut osatzea gaurko eztabaidan parte hartzeko", gaineratu du.
"Babes eta animo mezu bat bidali nahi diot Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiari, Barakaldon kanpainako ekitaldi batean eraso egin diotelako. Indarkeria ekintza ororen gaitzespenak arau izan behar du demokrazian", adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko lehendakaritzarako hautagaiak sare sozialetan.
Javier de Andres PPko hautagaiak ere "gaitzespen irmoa" azaldu du. "Imanol Pradalesen egoeraren zain, piperbeltz gasarekin egindako erasoaren ondoren. Lehenbailehen osatzea espero dut", adierazi du.
Bestalde, Alba Garcia Sumarreko hautagaiak elkartasuna adierazi dio Pradalesi. "Demokrazian ez da onargarria erasorik egitea, eta horrelako erasoak ezin dira errepikatu", esan du.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak ere erasoa gaitzetsi du. "Gaurko debatea normaltasunez egin ahal izatea eta gure proiektuak aurrez aurre jartzea espero dut", adierazi du.
Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak babesa eta elkartasuna helarazi dio Pradalesi. "Nire babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diot Imanol Pradalesi. Demokrazian erasoek ez dute tokirik. Inoiz ez. Inor ez", azpimarratu du gobernuburuak X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Sanchezek "laster osatzea" opa dio, "hauteskunde-kanpainaren azken txanparekin jarraitu ahal izateko".
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak bere elkartasuna helarazi dio Pradalesi, eta indarkeriarik gabeko Euskal Herriaren alde lan egiten dutenentzat "eraso oro albiste txarra" dela adierazi du.
Feijook X sare sozialean azaldu duenez, bera bezala desberdin pentsatzen dutenekiko errespetuan sinesten dutenentzat, "bere ideiengatik norbaiti erasotzea larria da".
Albiste gehiago politika
Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 225 etxebizitza lizitatu ditu Gasteizko Larrein auzoan
Visesak lehiaketara atera ditu alokairuko etxebizitza babestuaren sustapen honen obrak, 38,5 milioi euroko aurrekontuarekin eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin. Kontratua, eranskinak eta urbanizazioa barne, irailaren 26ra arte aurkeztu ahal izango da.
Sarek eta Bilboko Konpartsek 'Bizkaiko Etxera Eguna' deitu dute abuztuaren 22rako Bilbon
Aste Nagusiarekin batera, ETAko preso, iheslari eta deportatuen itzulera eskatzeko manifestazioak, bazkari herrikoiak eta kontzertuak izango dira. Antolatzaileek gogorarazi dute gizarteak "gatazkaren zauri mardulenak gainditu" dituela eta "badela garaia 'Etxera' aldarria erreibindikazio izatetik lorpen izatera pasatzeko".
Luberrik Bilboko Konpartsek berriz "baztertu" dutela salatu du, "irizpideak bete arren"
Gazte Koordinadora Sozialistarekin (GKS) lotutako konpartsak jarduerak egingo ditu Aste Nagusian, "normaltasunez parte hartu" ezin duela agerian uzteko eta "bere espazioa" eskatzeko.
Covitek jaietan ETAko presoen aldeko pankartak agertu izana salatu du
Bilboren kasuan, Txoribarrote konpartsak "pankarta handi bat" zabaldu izana kritikatu du Covitek, "Euskal preso eta iheslariak etxera" aldarria idatzita duena. Donostiako Udalak kendu egin ditu hiriko ikastetxe publiko bateko fatxadan zeuden pankartak
Goia kexu agertu da Espainiako Gobernuarekin, Malitik etorritako migratzaileekin duen ardurari ez baitio behar bezala heltzen
Donostian bizi diren migratzaile maliarren egoeraz galdetuta, Eneko Goia alkateak Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi du behin-behineko irtenbidea aurkitu dutela Arantzazun, eta adierazi du Espainiako Gobernuak Malitik etorritako migratzaileekin duen ardurari ez diola behar bezala heltzen.
"ASESINOS" eta "ETARRAS" margotu dute Santutxuko herriko tabernan
Ezker abertzalearen aurkako pintaketak agertu dira gaur Bilboko auzo batzuetan. Santutxuko herriko tabernan, esaterako, "ASESINOS" eta "ETARRAS" idatzi dute lokaleko bi pertsianetan. Solokoetxen ere agertu dira pintaketak, kaleko horma batzuetan. Bilboko Sortuk gaitzetsi egin ditu gertaera horiek.
SAREk presoen eskubideekiko konpromisoa berretsi eta haien aldarrikapena "kriminalizatzeko" saiakerak salatu ditu
Halaber, biktimen mina eta sufrimendua helburu politikoekin erabiltzea deitoratu du, eta gogorarazi du "biktima bakoitza bere sufrimenduaren jabe" dela eta errespetua, elkartasuna eta begirunea merezi dituela.
Voxek PPri festa musulmanak debekatzea onartu zuen Jumillako osoko bilkuran: 'Helburua beteta'
PPren botoei eta Voxen abstentzioari esker, proposamen polemikoa aurrera atera zen eta ultrek garaipena bereganatu zuten.
Zer aldatzen da EBren komunikabideen askatasunari buruzko lege berriarekin?
Erregelamendu bat denez, araudi berriaren artikuluak lotesleak dira EBko estatu guztientzat, inolako transposizio beharrik gabe. "Segurtasun nazionaleko" arrazoiak argudiatuta, kazetariak edo kazetarien iturriak zelatatzeko aukera ematen zuen klausula bat sartzeko saiakera izan da oztopo handienetako bat negoziazioan.
Urgentziaz ospitaleratu dute Jose Maria Angel GOIDIko komisionatu ohia, bere buruaz beste egiten saiatu ostean
Komisionatu izateari uko egin zion, duela 43 urte funtzionario mailaz igotzeko erabili zuen titulazioari buruzko polemika piztu ondoren.