Politika
Ardanzaren heriotza
EITB Media
Hileta-elizkizuna Elorrioko Sortzez Garbiaren Basilikan egin dute. Aitorrek, hildakoaren semeak, familiaren izenean hartu du hitza "gaur dugun Euskadi sortzen lagundu zuten sentsibilitate politiko guztiei" eskerrak emateko. "Berak nahi zuena zen", erantsi du.
Jose Antonio Ardanza lehendakariaren omenezko hileta-elizkizuna Elorrioko (Bizkaia) Sortzez Garbiaren Basilikan egin dute. Bilboko eta Donostiako gotzainek eman dute lehendakariaren omenezko meza.
Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak ezin izan du parte hartu azkenean, asteartean "elizbarrutiko apaiz bat bat-batean hil" zelako. Bilboko, Donostiako eta Burgosko prelatuekin batera mezako buru izatea ezinezkoa izan denez, Carlos Garcia Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusia bertaratu da haren ordez.
Aitorrek, hildakoaren semeak, familiaren izenean hartu du hitza, bertaratutakoei eta jasotako maitasun eta errespetu adierazpenengatik eskerrak emateko, baita "ezberdintasunetik abiatuta, "gaur dugun Euskadi sortzen lagundu zuten sentsibilitate politiko guztiei ere". "Berak nahi zuena zen", nabarmendu du.
Hileta elizkizuna arratsaldeko zazpietan hasi da, 700 lagunentzako lekua duen basilikan. Tenplua bete egin da, eta begirunea adierazteko bertara hurbildu diren pertsona guztiak hartu ditu,. Joseba Segura Bilboko gotzaina izan da mezaren buru, eta bere homilian azpimarratu duenez, lehendakariak "zubiak eraiki zituen" ezberdinen artean, "bizitzarekiko errespetua" defendatu eta etorkizun "zibikoaren" alde borrokatu zuen.
Bilboko gotzainarekin batera, Mario Iceta Burgosko artzapezpiku eta Elizbarrutiko aurreko gotzainak eta Fernando Prado Donostiako gotzainak eman dute hileta-elizkizuna.
Lehen lerroan Gloria Urtiaga, Jose Antonio Ardanzaren alarguna, eta haren bi semeak, Nagore eta Aitor, senide gehiagoren babespean izan dira. Beste aulki batean, lehen lerroan, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Lucia Arieta-Araunabeña emaztea, Patxi Lopez lehendakaria eta Begoña Gil emaztea, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zeuden eserita. Haiekin batera, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea.
Goizean, hil-kaperan, politika, kultura eta gizarteko ordezkaritza zabala hurbildu da Gasteizko Ajuria Enea jauregira, Ardanzari azken agurra eman eta haren etxekoei doluminak helaraztera. Herenegun hil zen, 82 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Aurpegi ezagunak bakarrik ez, herritar anonimo ugari ere (2.000 inguru) joan dira Ardanza agurtzera.
Goizeko 09:50 aldera iritsi da gorpua Arabako hiriburura. Ohore guztiekin egin du Gernikatik Ajuria Enerako bidea, eta eraikinaren atean zain zituen Iñigo Urkullu lehendakaria eta etxekoak; Gloria Urtiaga emaztea, Nagore eta Aitor seme-alabak, horien bikotekideak eta bilobak
Galaz jantzita zeuden Ertzaintzako agenteek eraman dute hilkutxa hil kapera jarri duten aretoraino, musika bandaren doinuek lagunduta, eta 10:00ak puntuan zabaldu dute. Bertara sartzen aurrenak Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta sailburu ohiak, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Bakartxo Tejeria presidentea buru zutela, eta EAJko ordezkariak izan dira. Bereziki hunkituta Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Bingen Zupiria; Ardanzaren komunikazio-arduraduna izan zen 1989 eta 1999 artean.
Halaber, oso hunkituta agertu dira baita ere Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa, EAJren EBBko eta BBBko buruak, hurrenez hurren. Imanol Pradales lehendakarigai jeltzalea eta beste indar politikoetako ordezkaritza zabal bat ere izan da hil-kaperan.
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak "errespetu osoa" adierazi dio Ardanzari. Zeremonian egon nahi izan duela azaldu du, "Euskal Herriaren zati honek lehendakari bat galdu duen honetan". Horrela, Otxandianok ere bisitatu du hil-kapera, eta doluminak eman dizkie lehendakariaren senide eta hurbilekoei.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia Ajuria Enean. Argazkia: EFE
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak nabarmendu duenez, Ardanza "bake-gizona" izan zen, "Euskadi aniztasunetik, ezberdinen arteko akordiotik, ulertu zuena", eta hori "praktikan jarri zuen, eta sozialistei bere eskutik Euskadi hobetzen eta egungo Euskadi eraikitzen lagundu zien".
Pilar Garrido Podemoseko buruzagiak azpimarratu du Ardanza "elkarrizketan sinestu zuen bake gizona" izan zela.
Halaber, Jose Angel Iribarrek azken agurra eman dio Ardanzari. "Oso egun tristea da", aitortu du Athleticeko atezain ohi ospetsuak, eta tristuraren barruan, Ardanzak, taldearen jarraitzaileak, bere taldeak Errege Kopa nola irabazten zuen telebistan ikusi ahal izan zuela nabarmendu du.
Kulturaren mundutik, Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendaria eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria ere bertaratu dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa