Itxi

Politika

ARDANZAREN HERIOTZA

Ordezkaritza politiko, instituzional eta sozial zabalak agurtu du Ardanza hil-kaperan

EITB MEDIA

1.000 herritar anonimo inguru ere igaro dira hil-kaperatik, azken agurra emateko. Hileta-elizkizuna 19:00etan izango da, Elorrion, eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du, hori ere.

0:35
Garaikoetxea lehendakaria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Politika, kultura eta gizarteko ordezkaritza zabala hurbildu da gaur goizean Gasteizko Ajuria Enea Jauregira, Jose Antonio Ardanza lehendakariari azken agurra eman eta haren etxekoei doluminak helaraztera. Herenegun hil zen, 82 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Denek goratu dute haren ibilbide politikoa, eta ezberdinen artean akordioak lortzeko zuen gaitasuna.

Goizeko 09:50 aldera iritsi da gorpua Arabako hiriburura. Ohore guztiekin egin du Gernikatik Ajuria Enerako bidea, eta eraikinaren atean zain zituen Iñigo Urkullu lehendakaria eta etxekoak; Gloria Urtiaga emaztea, Nagore eta Aitor seme-alabak, horien bikotekideak eta bilobak. 

Galaz jantzita zeuden Ertzaintzako agenteek eraman dute hilkutxa hil kapera jarri duten aretoraino, musika bandaren doinuek lagunduta, eta 10:00ak puntuan zabaldu dute. Bertara sartzen aurrenak Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta sailburu ohiak, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Bakartxo Tejeria presidentea buru zutela, eta EAJko ordezkariak izan dira. Bereziki hunkituta Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Bingen Zupiria; Ardanzaren komunikazio-arduraduna izan zen 1989 eta 1999 artean.

0:31

Halaber, oso hunkituta agertu dira baita ere Andoni Ortuzar eta  Itxaso Atutxa, EAJren EBBko eta BBBko buruak, hurrenez hurren. Imanol Pradales lehendakarigai jeltzalea eta beste indar politikoetako ordezkaritza zabal bat ere izan da hil-kaperan.

Aurpegi ezagunak bakarrik ez, herritar anonimo ugari ere (1.000 inguru) joan dira Ardanza agurtzera. Hileta elizkizuna 19:00etan izango da Elorrioko Sortzez Garbiaren Basilikan. eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du.