Politika
Heriotza
Jose Antonio Ardanza lehendakaria hil da
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak gaurtik hiru dolu-egun ezarriko ditu, eta hil-kapera etzi goizean jarriko da Ajuria Enea jauregian. Hileta-elizkizuna, berriz, asteazken arratsaldean Elorrion izango da, Ardanzaren jaioterrian. Urkulluk bihar egingo du adierazpen ofiziala.
-
Jose Antonio Ardanza lehendakaria. EITB Media.
Jose Antonio Ardanza lehendakaria hil da, 82 urte zituela, Gautegiz Arteagako bere etxean, Urdaibain. Azken hamarkadetako Euskal Herriko politikagintzan eta batez ere Eusko Alderdi Jeltzalean itzal handiko gizona, lehendakari izan zen 1985 eta 1999 artean eta besteak beste, ezberdinen arteko akordioak bultzatzeagatik gogoratuko da. Ajuria Eneko ituna izan zen horren adibide.
Gaztetatik Euzko Alderdi Jeltzalearen jarraitzaile, Deuston Zuzenbide ikasketak eginda, lege-aholkulari gisa lan egin zuen hainbat urtez Laboral Kutxan.
1979an Arrasateko alkatetzarekin hasi zuen hogei urteko ibilbide politikoa. 1983an Gipuzkoako diputatu nagusi aukeratu zuten eta, 1985ean, EAJren zatiketaren ostean, Karlos Garaikoetxeak lehendakari postua utzi zuenean iritsi zen, Ardanza, lehendakaritzara.
Hamalau urtez izan zen lehendakari —kargu horretan denbora gehien egon den pertsona izan da— eta 1999ko hauteskundeetan erretiratu zen politikako lehen lerrotik.
Ordutik aurrera enpresa munduan murgildu zen, eta, besteak beste, Euskalteleko lehendakari izan zen 2011ra bitartean. Urte horretan argitaratu zuen "Pasión por Euskadi" memoria liburua.
Eusko Jaurlaritzak gaurtik hiru dolu-egun ezarri ditu (osteguneko 15:00ak arte), eta eraikin ofizialetako banderak masta erdian dira jada. Hil-kapera etzi goizean jarriko da Ajuria Enea jauregian (10:00-14:00), eta hileta-elizkizuna, berriz, asteazkenean 19:00etan Elorrioko Sortzez Garbiaren Basilikan izango da. Iñigo Urkullu lehendakariak bihar goizean egingo du adierazpen instituzionala, 09:30ean, Lehendakaritzan.
Heriotzaren berri izan orduko, Iñigo Urkullu lehendakariak bere atsekabea agertu du, eta bakearen eta industria suspertzearen alde egin zuen "atsedenik gabeko lana" goraipatu. Sare-sozialetan idatzitako mezu batean, gogorarazi du "beti Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari" izan zela, eta kudeaketa lanetan nabarmendu zela, "bai kooperatibetan, bai enpresa munduan".
Bide beretik hitz egin du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere. Horren hitzetan, Ardanzaren legatua betirako geratuko da Euskal Herrian. "Agur eta ohore", idatzi du X sare-sozialean.