Politika
EPAIKETA, PARISEN
Fiskalak gaur jakinaraziko du Etcheverry eta Molle 'bake artisauentzat' proposatuko duen zigorra
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Atzoko saioan deklaratu zuten bi auzipetuek, eta biek defendatu zuten bake-prozesuaren aldeko urratsa izan zela ETAren armagabetzean laguntzea.
-
Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle, Parisko Zigor Auzitegian, gaur.
Bigarren eta azken eguna izango du gaur Jean Noel Etcheverry Txetx eta Beatrice Molle "bakearen artisauek" aurkako epaiketak, Parisko Zigor Auzitegian. 13:30ean da hastekoa bigarren saioa, eta aurreikusitakoaren arabera, Fiskaltzak bi auzipetuentzat proposatzen duen zigorra emango du jakitera (10 urtera arteko zigorra jaso dezakete). Halaber, abokatuek euren bezeroen defentsa egingo dute.
Atzoko saioan, Molle izan zen lehenengoa epailearen galderei erantzuten. Argi utzi zuen bere ibilbide pertsonalak eta profesionalak ez duela zerikusirik indarkeriarekin, eta 20216an Luhuso egindakoa bakearen aldeko ekintza bat izan zela berretsi zuen. Onartu zuen bazekiela armak zeudela bere baserrian.
Ondoren, Etcheverryk hartu zuen hitza, eta hark ere azaldu zuen bere ibilbide politikoa bakezalea izan dela beti. Armak garraiatu zituela aitortu zuen, esanez orduko zenbait arduradun politikoren onespenarekin egin zuela guztia, eta bake-prozesua ahalbidetzea zela helburu bakarra.
Defentsaren sei lekukoek ere deklaratu zuten, tartean, Mathias Fekl Luhusuko operazioa izan zenean Frantziako Barne ministroa zenak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako orduko prefetak. Biek egin zute akusatuen alde. Feklek ziurtatu zuen elkarlan estua zutela bakegileek eta Frantziako agintariek, lana erraztu zietela. Bere hitzetan, 2017ko apirilaren 8an ETAren armagabetzea posible izan zen Frantziako Gobernuaren eta Justiziaren arteko isileko itun bati esker, baina akordio hura ez zen dokumentu idatzietan jaso.
Morvanek ere baieztatu zuen akordioa egon zela bi aldeen artean, eta bakegileekin konfiantza osoa zutela ere erantsi zuen. Geroago Polizia Nazionaleko zuzendari nagusi izango zenak, kontatu zuen Etcheverry 2017ko martxoan berarekin harremanetan jarri zenean ETAren armategia entregatzeko asmoei buruz hitz egiteko, orduko lehen ministro Bernard Cazeneuveri jakinarazi ziola eta hark bere oniritzia eman ziola, baina agindu argi batekin: "Ezin zen ezer gertatu behar Justizia etengabe jakinaren gainean egon gabe".
Sei urte dira ETA behin betiko desagertu zela, eta 2016an Luhuson atxilotutako bost ekintzaileetatik bi hilda daude (Mixel Berhokoirigoin, 2021ean zendu zen, eta Mixel Bergougnan, 2017an). Frantziako Terrorismoaren kontrako Fiskaltzak bosgarren atxilotua, Stephane Etchegaray, errugabetu egin zuen.
'Bakearen artisauek' askotariko pertsona, politikari eta eragile sozialen babesa jaso dute. Horren erakusle, 4.000 pertsonak sinatu duten euren aldeko adierazpena. Gaur, elkarretaratzeak daude deituta Euskal Herriko zazpi hiriburuetan, auzipetuei babesa adierazteko eta horiek errugabetzea eskatzeko. Eguerdian izan dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, eta 19:00etan Baionan, Maulen eta Donibane Garazin egingo dituzte.