Politika
EAE-ko hauteskundeak
Agentziak | EITB Media
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako boto asmoari buruzko inkestaren arabera, jeltzaleek egun dituzten 31 eserlekuei eutsi edo bat galduko lukete. Koalizio subiranistak 7-8 ordezkari irabaziko lituzke.
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak EAEko hauteskundeei begira boto asmoari buruz egindako inkestak EAJren garaipena aurreikusi du, ozta-ozta bada ere (botoen % 36, 1) eta EH Bildu oso gertu duela (% 33). Galdekaren arabera, jeltzaleek gaur egun duen ordezkaritzari eutsiko liokete edo bat galduko lukete (31-30 eserleku). EH Bildurentzat igoera nabarmena iragarri du inkestak, 28-29 legebiltzarkide eskuratzeraino (egun 21 ditu).
PSE-EE izango litzateke berriro hirugarren indarra, egungo 10 ordezkariak mantenduta edo bat igota (10-11) eta babesen % 13,1rekin. PPk 5-6 legebiltzarkide eta botoen % 7,7 lortuko lituzke (PP+Cs koalizioak sei eskuratu zituen 2020an).
Ezker konfederalaren esparruari dagokionez, honako emaitza aurreikusi du inkestak: Sumarrek 0-2 ordezkari artean eskuratuko lituzke (botoen % 3,5), eta Elkarrekin Podemos-AVk, 0-1 eta babesaren % 2,5. Duela lau urte sei legebiltzarkide lortu zituen Elkarrekin Podemos-IU koalizioak.
Azkenik, Jose Luis Tezanosek zuzentzen duen inkesta etxeak aurreratu du Voxek orain arte izan duen legebiltzarkidea gal dezakeela eta horri eusteko modua izan dezakeela (0-1 eta botoen % 1,9).
Galdeketa martxoaren 18tik 22ra bitarte egin zuten 4.998 telefono bidezko elkarrizketa eginda: 2.443 Bizkaian; 1.727, Gipuzkoan eta 828, Araban.
Bestela aurreikusi zuten orain arte egindako EITB Focus eta Soziometroa inkestek. Izan ere, bien arabera, EAJren eta EH Bilduren arteko berdinketa egongo litzateke apirilaren 21eko bozetan.
Hautagaien eta Jaurlaritzaren balorazioak
Hautagaien balorazioari dagokienez, CISen arabera, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak du onena, 5,64 punturekin, eta atzetik geratu da Imanol Pradales jeltzalea (5,48). Hirugarrena da Eneko Andueza sozialista (4,66), laugarrena Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosekoa (4,59), bosgarrena Sumarreko Alba Garcia (3,85), eta azken bi postuetan geratu dira Javier de Andres popularra (3,08) eta Amaia Martinez ultra-eskuindarra (2,17).
Hala eta guztiz ere, galdekatuek "prestatuago" ikusten dute Pradales agintzeko (%28,8) Otxandiano baino (% 21,3). "Konfiantza" gehien ematen duen lehendakarigaia ere bada Pradales (%24,5), Otxandianoren aurretik (%22).
Era berean, % 30,4k nahiago dute Pradales izatea lehendakari, eta % 26,1ek nahi dute Otxandiano. Gainera, ia hirutik bik (% 60,5) uste dute jeltzaleek irabaziko dituztela hauteskundeak, eta lautik batek EH Bildu izango dela garaile.
Azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak azkeneko urteetan egin duen kudeaketaz galdetuta, % 35,3k "on"tzat jo du, % 30,7rentzat "erdipurdikoa" izan da, % 13,4rentzat "txarra, % 12,6rentzat "oso ona", eta % 7,2rentzat "oso txarra".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa