12:40

Politika

EAE-ko hauteskundeak

EAJ eta EH Bildu berdinduta leudeke hauteskundeetan, 29na ordezkari lortuta, Soziometroaren arabera

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Eusko Jaurlaritzaren boto asmoari buruzko inkestaren arabera, PSE-EEk eta PPk euren eserlekuei eutsiko liekete (10 eta 6, hurrenez hurren). Sumarrek legebiltzarkide bat eskuratuko luke, Elkarrekin Podemosen kaltetan. Miren Gorrotxategi buru duen zerrenda eta Vox Legebiltzarretik kanpo leudeke.

0:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gaur egingo balira, EAJk eta EH Bilduk ordezkari kopuruan berdinketa lortuko lukete (29) ganberan, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera. Izan ere, koalizio abertzalearen igoera nabarmena (+8) eta jeltzaleen beherakada (-2) aurreikusten ditu inkestak.

Martxoaren 15etik 20ra 3.030 telefono elkarrizketa egindako galdeketaren arabera, PSE-EE litzateke hurrengo indarra, gaur egun dituen 10 legebiltzarkideei eutsita. Elkarrekin Podemos-Alianza Verde ezkerreko koalizioari dagokionez, beherakada nabarmena pairatuko luke, ordezkaritza galduta —Ezker Anitza-IU eta Equorekin aurkeztu zen duela lau urte, 6 legebiltzarkide lortuta—. Alderdi Popularrak bere 6 eserlekuak eskuratuko lituzke berriro, sozialisten ostetik jarrita. 

Galdeketak ordezkari 1 aurreikusi dio Sumar koalizioari (Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo). Amaia Martinez Voxeko parlamentariak, ordea, ez luke eserlekurik lortuko. 

Lurraldeka, beste berdinketa bat legoke Araban, EH Bilduk eta EAJk 9na ordezkari eskuratuta; hori bai koalizio subiranista izango litzateke garaile boto portzentajean (% 31,6 eta % 29,7, hurrenez hurren). Inkestak ez du aldaketarik aurreikusi PSE-EErentzat (4) eta PPrentzat (3). Jeltzaleak nagusituko lirateke Bizkaian (12 eserleku, 2020an baino bat gutxiago), baina EH Bildu gertu dagoela (9, +3). Sozialistek lurraldean dituzten hiru legebiltzarkideei eutsiko liekete, baita PPk ere (2). Gipuzkoan, EH Bilduk aurrea hartuko lioke EAJri, 11 legebiltzarkiderekin (+2). Jeltzaleek bat galduko lukete (9). PSE-EEk eta PPk emaitza bertsuak eskuratuko lituzkete, 3 eta 1 eserleku mantenduta. Sumarrek Gipuzkoan lortuko luke Legebiltzarreko bere ordezkaria (Andeka Larrea). 

Martxoko Soziometroaren emaitzak EITB Focusek aurreikusitakoen antzekoan dira. Biek ala biek berdinketa iragarri dute EAJren eta EH Bilduren artean, lurraldeka ere banaketa antzekoekin. Bi inkesten arteko ezberdintasun handiena ezkerreko konfluentzien koalizio ezberdinei emandako pisuan datza. Soziometroaren arabera, Sumarrek bakarrik lortuko luke ordezkaritza (1); Focusek, ordea, Miren Gorrotxategi buru duen koalizioari 2 ordezkari aurreikusi zizkion, Sumar Legebiltzarretik at geratuta. Azkenik, Soziometroak ez du aldaketarik iragarri PSE-EEk edukiko lukeen babesean, baina EITB Mediak egindako galdeketaren arabera, ordezkari bat gehiago erdietsiko lukete (11, +1). 

Otxandiano, balorazioan gainditu duen bakarra

Lehendakarigaien inguruan boto emaileek duten iritziaz galdetuta, Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaia da 10etik 5eko nota baino gehiago lortu duen bakarra (5,3). Gainerakoak, langa horretatik behera geratu dira, Imanol Pradales (EAJ) eta Miren Gorrotxategi (EP-AV) hortik gertu geratu badira ere: 4,9 eta 4,8, hurrenez hurren. Beherago kokatuko lirateke Eneko Andueza sozialista (4,2), Alba Garcia Sumarren hautagaia (4), Amaia Martinez (Vox, 3) eta Javier de Andres (PP, 2,8).

Ezagutzari dagokionez, bestelakoa da argazkia. Imanol Pradales jeltzalea da ezagunena, galdetutakoen % 44k ezagutzen baitu. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-Alianza Verde lehendakarigaia da bigarren, tarte eskasera (% 43). 10etik 4 pasatxok (% 41) jakin dute nor den Andueza sozialista, eta gutxiagok (% 36) Pello Otxandiano eta Javier de Andres (% 32). Herritarren % 17k bakarrik ezagutzen dute Amaia Martinez Voxeko lehendakarigaia. Alba Garcia Sumarren zerrendaburua da gutxien ezagutzen dena, % 14k baino ez du aipatu eta. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena