21:23

Politika

Koldo auzia

Senatuak aho batez onartu du Koldo auzia ikertzeko batzordea

Agentziak | EITB Media

Batzordea mugatuko da pandemian Garraio Ministerioko aholkulari ohia bitartekari zuten kontratu publikoetara eta polizia operazio horretatik erator daitezkeen beste kasuetara.

  • Alicia Sanchez PPren bozeramailea, osoko bilkuran.

    Alicia Sanchez PPren bozeramailea, osoko bilkuran. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Senatuak aho batez onartu du, 259 senatarien aldeko botoekin, Koldo auzia ikertzeko batzorde bat sortzea. PPren proposamenak talde guztien babesa jaso du.

Batzordea mugatuko da pandemian Koldo Garcia Izaguirre Garraio Ministerioko aholkulari ohia bitartekari zuten kontratu publikoetara. Delorme operaziotik eratorritako beste ustelkeria kasu batzuk ere azter litzake.

Luis Santamaria PPko senatariak ohartarazi duenez, batzordeak "azken ondorioetaraino" lan egingo du, "erortzen dena erortzen dela".

PSOEk eta bere bazkide parlamentarioek eskatu dute ikerketa pandemian egindako osasun materialaren kontratu publiko guztietara zabaltzeko, eta PPri iraganeko ustelkeria kasuak aurpegiratu dizkiote.

Senatuko eztabaidan, zenbait bozeramailek ikerketa politikoki erabiltzen saiatzea leporatu diote PPri. Popularrek, berriz, uko egin diote PSOEren "neurrira egindako batzorde bat" osatzeari, eta Koldo auzia modu independentean "ikertu" behar dela errepikatu dute.

PPk ez du argitu nortzuk deituko dituen batzordean agertzeko, baina ez dute inor baztertzen, Alicia Garciaren arabera. Bozeramaileak Exekutiboko hainbat kide aipatu ditu arduradun gisa, hala nola Maria Jesus Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroa, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Oscar Puente Garraio ministroa.

Pedro Sanchez presidentea ere deitua izan liteke. Izan ere, PPk sarearen buru ikusten du. "Erantzungo didazu ala ikerketa batzorderako gordeko duzu?", galdetu dio Garciak Sanchezi.

Francina Armengol Kongresuko presidentea ere deitzeko aukera dago, Balearretako Gobernuaren kontratuengatik. Adierazi duenez, "ez du eragozpenik agertzeko", Kongresuko zerbitzu juridikoek bermea ematen badute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena