Itxi

Politika

Nafarroan

Atarrabian Uribetxebarriaren aldeko itxialdia, Auzitegi Nazionalera

Erredakzioa

Hamabost lagunek itxialdia eta baraualdia egin dute asteburuan Nafarroako udalerri horretako udaletxean, presoa aske uztea eskatzeko.

  • Nafarroako Gobernuko Ordezkaritzak Atarrabiako (Nafarroa) itxialdiaren inguruko txosten bat bidali du Auzitegi Nazionalera. Argazkia: EITB

Carmen Alba Nafarroako Gobernuko ordezkariak Auzitegi Nazionalera txosten bat bidaltzea erabaki du, Atarrabiako udaletxean hamabost lagunek Josu Uribetxebarria presoa aske uztea eskatzeko egin duten itxialdia eta baraualdia salatzeko.

Gobernuko Ordezkaritzak adierazi duenez, bertan presoaren alde erakutsitako pankartak eragin du txostena.

Pedro Jose Gastearena (Bildu) Atarrabiako alkatearen esanetan, Gobernuko Ordezkaritzatik ez diote ezer esan txostenaren inguruan, eta “harrituta” agertu da “larri dagoen pertsona bat aske uztea eskatzeak piztu duen polemikaren aurrean”.

“Ez dut ulertzen gai horrekin polemika sortu izana”, gaineratu du alkateak, eta aurretik ere itxialdi gehiago izan direla adierazi du. Uribetxebarriaren aldeko itxialdian kargu publikorik ez duten hamabost lagunek parte hartu dutela esan du.

Alkateak nabarmendu duenez, “ez da istilurik izan”, eta txosten horren atzean “interes publizitario bat” dagoela salatu du.

Herrira mugimenduak asteburuan bultzatutako mobilizazioetako bat izan da Atarrabiako itxialdia.