17:20

Politika

Espainiako Gobernua

Sanchezek Palestinako Estatua aitortzeko proposatuko du Gorteetan legegintzaldi honetan

Agentziak | EITB Media

Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak PSE-EEk Bilbon egindako ekitaldi batean adierazi duenez, "Palestinako Estatua aitortzea da bi estatuak bakean eta segurtasunean elkarrekin bizitzeko modu bakarra".

  • Pedro Sánchez, gaur, Bilbon. EFE.

    Pedro Sánchez, gaur, Bilbon. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak iragarri duenez, legegintzaldi honetan "Palestinako Estatua aitortzeko" proposatuko du Gorteetan, "bi estatuak bakean eta segurtasunean elkarrekin bizitzeko modu bakarra delako".

PSOEk larunbat honetan Bilbon 'Eskubideak, demokrazia, askatasuna: Jose Luis Rodriguez Zapateroren lehen hauteskunde garaipenetik 20 urte' lelopean egindako ekitaldian, Sanchezek M11ko atentatu islamisten inguruan "gezur handi bat" eraiki izana leporatu dio eskuinari. Azpimarratu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok utzitako "ondarea" Espainiako Gobernuak gaur egun Ukrainan eta Gazan defendatzen duena da, "Errusiak eta Israelek nazioarteko zuzenbidea errespetatzea", alegia.

Laguntza humanitarioa Gazara iristea eskatu ostean, Sanchezek iragarri du legealdi honetan "Palestinako Estatua aitortzeko" proposatuko duela Gorteetan. "Bidezko kausa baten alde egingo dugu, eta bi estatuak bakean eta segurtasunean elkarrekin bizitzeko modu bakarra delako", adierazi du Israel eta Palestinaren arteko gatazkaz mintzatuta.

Amnistiari buruz

Hitzaldiaren beste une batean, Pedro Sanchezek aitortu du "espainiar askok" zalantzak dituztela Amnistia Legearen inguruan, eta "konfiantza izateko" eskatu die, arau horrek "demokrazia eta Espainia indartsuagoak" egingo dituelako. Gainera, legez kanpokotzat jo zen urriaren 1eko Kataluniako independentzia erreferendumarekin "herrialde osoak 2017an jasan zuen dramaren eta trauma horren ondorio judizial guztiak gainditzeko" deia egin du.

Horrela, "Katalunian, Euskadin, Andaluzian, Extremaduran eta Espainia osoan indarrak herritarrei benetan axola zaizkien gauzetara bideratu" ahal izango direla uste du.

PPri leporatu dio lurraldeen arteko ezadostasunak erabiltzea "han eta hemen boto gutxi batzuk urratzen" saiatzeko.

Azaldu duenez, "agintari baten zeregina ez da beste alde batera begiratzea", baizik eta "erronkei aurre egitea", eta hori "eredu izanda, koherentziaz, eskuzabaltasunez eta adiskidetze jarrera batekin egitea".

Prostituzioari buruzko lege-proposamena

Pedro Sanchezen hitzetan, Pertsonen Salerosketaren Legea onartu ondoren, "laster" Talde Sozialistak Espainian prostituzioa desagerrarazteko lege-proposamena aurkeztuko du.

Espainiako presidenteak gaitzetsi egin du atzo, martxoak 8, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizuna "hutsaldu" izana, zer eta gizonaren eguna noiz ospatzen den galdetuz. Sanchezen iritziz, hitz horiekin aurretik "berdintasunaren eta feminismoaren alde" borrokatu diren milioika emakumeren kausa gutxietsi zuela uste du.

Bestetik, ustelkeriaren aurrean, Sanchezek bere alderdiaren jarrera aldarrikatu du, ustelkeria "errotik" mozten duelako, "halako jarrerak babesten dituen PPk ez bezala".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena