22:49

Politika

MARTXOAK 3

Lau pertsona atxilotu eta hainbat zauritu dituzte, tartean 7 ertzain, martxoaren 3ko istiluetan, Gasteizen

EITB MEDIA

Manifestazioaren deitzaileek "hamarnaka zauritu eragin dituen Ertzaintzaren karga guztiz basatia" salatu dute. Besteak beste, Ertzaintzaren furgoneta bat gazte baten gainetik igaro dela esan dute, eta zaurituetako batek konortea galdu duela.

0:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lau pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, desordena publikoak eta agenteen aurkako atentatua egotzita, 1976ko martxoaren 3ko biktimen omenezko manifestazioan izan diren istiluen harira.

Bi pertsona manifestazioan bertan atxilotu dituzte, eta beste bi geroago, Lakuako ertzain-etxearen aurrean, atxiloketengatik protesta egitera joandako pertsonen artean.

Ertzaintzaren arabera, zazpi agente zauritu dira, eta manifestarien artean hamarnaka zauritu dira.

Manifestazioa deitu duten Martxoak 3 biktimen elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek oharra kaleratu dute "Ertzaintzaren karga guztiz basatiak" salatzeko. "Ertzaintzak neurriz kanpoko dispositiboa prestatu du El Corte Ingles ondoan, Bakea kalearen amaieran. Puntu horretan, karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin; polizi furgonetekin ere oldartu dira manifestarien aurka. Oldarraldi horren ondorioz, furgoneta bat gazte baten gainetik igaro da, zaurituta utzita, eta anbulantzia batek artatu behar izan du. Gazte horrekin batera, hamarnaka pertsona zauritu dituzte, eta horietako batek konortea galdu du", salatu dute komunikabideetara igorritako agirian.

Atxiloketa Gasteizen. Argazkia: EFE

Atxiloketa Gasteizen. Argazkia: EFE

12:30 aldera hasi da 1976ko martxoaren 3ko biktimak gogoratzeko manifestazioa, 'Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz' lelopean. Atzean, bigarren pankarta batean, hildako bost langileen argazkiak eta "Justizia" hitza ikus zitezkeen. 

Milaka lagun bildu dira protestara, eta martxa normaltasunez hasi da, baina ordu erdi geroago, El Corte Ingles merkataritza-gunearen aurretik igarotzean, manifestarietako batzuek bengalak eta pintura gorria bota dituzte horren fatxadaren kontra.

Tentsioak gora egin du, istiluen aurkako ertzainak oldartu egin zaizkie manifestariei, eta horiek harriak eta bestelako objektuak jaurti dizkiete agenteei. Dozenaka lagun zauritu dira, tartean zazpi agente, eta lau pertsona atxilotu dituzte.

Tentsioa baretu ostean, manifestazioa aurreikusi bezala amaitu da, Foruen Plazan, "Polizia, hiltzailea" oihuen artean.

Istiluak agente eta hainbat lagunen artean. Argazkia: EFE

Istiluak agenteen eta hainbat lagunen artean. Argazkia: EFE

Antolatzaileen hitzetan, "dozenaka foam pilota" jaurti dituzte Bakea eta Posta kaleetan, "Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira. Hori ez ezik, ekitaldia egiten ari zen Foruen Plazara kargatzeko sartu nahi izan du Ertzaintzak Posta kaletik, jendez gainezka bazegoen ere, baina sindikatu deitzaileen antolakuntzako pertsonek hori saihestu dute".

Urtero bezala, adin guztietako milaka eta milaka pertsona ari ziren manifestazioan parte hartzen, antolatzaileen arabera, eta guztiz gaitzetsi dute gertatutakoa. Halaber, "Ertzaintzan erantzukizunak argitzeko eta atxilotutako pertsonak aske uzteko" eskatu dute. 

"Ertzaintzako arduradunei eskatzen diegu utz diezagutela martxoaren 3a gogoratzen eta gure aldarrikapenak egiten haien erasoak jasan gabe. Gure elkartasuna helarazi nahi diegu zauritutako persona guztiei ere", erantsi dute.

Atxilotuak gaueko azken orduan utzi dituzte aske.

Un hombre en frente de una fila de ertzainas. Foto: EFE

Gizon bat Ertzaintzaren aurrean. Argazkia: EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena