Itxi

Politika

KATALUNIA

Gorenak Puigdemont auzipetu du "terrorismoa" leporatuta, 'Tsunami Democratic' auziari lotuta

eitb media

Eurodiputatua ez ezik, epaileak Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua ere ikerketapean jarri du. Goreneko Fiskaltzaren irizpidearen aurka hartu du erabakia. Generalitateko presidente ohiak "Espainiako Matrix judiziala" salatu du.

  • Carles Puigdemont, en Bruselas. Foto de archivo de EFE

    Carles Puigdemont, en Bruselas. Foto de archivo de EFE

Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak aho batez erabaki du Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia "terrorismoagatik" ikertzea, 'Tsunami Democratic' mugimendiaren auzian. Eurodiputatua ez ezik, epaileak Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua ere ikerketapean jarri du.

Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren irizpidearen kontra hartu du Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak erabakia. Biak forudunak direla gogorarazi dute magistratuek autoan, eta, ondorioztatu dutenez, "beharrezkoa eta egokia da prozedurara deitzea, ikertu gisa entzun ahal izateko, gure ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskubide eta berme guztiekin".

Manual Garcia Castellon epailearen argudioak kontuan hartu ditu, beraz, Manuel Marchena buru duen zigor aretoak; izan ere, Garcia Castellonek ziurtzat jo zuen 'Tsunami Democratic' mugimendiaren sustapenean eta antolakuntzan parte hartu zutela bi politikari katalanek.

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ondorioztatu zuen Garcia Castellonek susmoetan oinarritu dituela akusazioak, baina iritzi hau baztertu eta Puigdemont eta Wagensberg ikertzea erabaki du orain Auzitegi Gorenak. Susana Polo magistratua izango da kasuaren arduraduna.

Bien bitartean, Auzitegi Nazionalaren esku utzi dituzte gainerako 10 inputatuak, tartean, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia.

"Matrix judiziala" salatu du Puigdemontek

Bestalde, Puigdemontek "Matrix judiziala" salatu du.

"7.000 euroko Rolex bat oparitu didatela esan duten egun berean, terrorismoa inputatu didate. Panaman kontu-korronte sekretua dudala esatea baino ez zaie falta, adierazi du, ironiaz, X sare sozialean.

"Espainiako Matrix judizialak kazetaritza txarraren jokabidea moldatu du: ez utzi errealitateak inputazio on bat zapuztea", gaineratu du.

Pere Aragones Generalitateko presidenteak "pentsa daitezkeen muga guztiak zeharkatzea" leporatu dio Gorenari. "Carles Puigdemonti eta Ruben Wagensbergi babes osoa. Terrorismoagatik Gorenak haien aurkako auzia irekitzea, berriz ere, imajina daitezkeen muga guztiak gurutzatzen ditu. Ezin dugu normalizatu Espainiako Justiziak eskuinari eta eskuin muturrari jokoa egitea", nabarmendu du X sare sozialean.

Laura Borras Junts Kataluniako presidentearen hitzetan, Puigdemonti auzia irekitzea "politika judizializatzeko beste maniobra bat da". "Ez diote uko egiten nola edo hala jazartzeari. Carles Puigdemonten aurka doaz. Guk ere ez diogu ezeri uko egiten eta dena emango dugu, badakite", esan du Borrasek X sare sozialean.

Josep Rius JxCateko presidenteorde eta bozeramailearen iritziz, "manifestazio eskubidea terrorismoarekin nahasten" ari dira, eta horrek "Espainiako epaileen kalitate demokratiko falta baieztatzen du", "ezin baitzaio terrorismo deitu manifestatzeko eskubidearen erabilera askeari".

Aitzitik, Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak adierazi du Gorenaren erabakiak agerian uzten duela "gure herrialdeko zuzenbide-estatua ezin duela Pedro Sanchezek erosi, eta Gobernua baino askoz indartsuagoa dela". Diputatuen Kongresuan emandako prentsaurrekoan, Gamarrak azpimarratu du Gorenaren erabakiak agerian uzten duela amnistia legea "ustelkeria politikoa" dela.

Vox alderdi ultraeskuindarra ere pozik azaldu da Espainiako Justiziaren erabakiarekin, Pedro Sanchezen Gobernuak sortutako amnistia "geldiarazi" egiten duela uste duelako.