Politika
'KOLDO AUZIA'
'Koldo auzia' ustez gidatu zuen enpresariak dio maskaren salmentan herritarrei laguntzea izan zuela helburu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Nazionalean deklaratu du Juan Carlos Cuetok ikertu gisa, pandemian garaian maskaren salmentarekin iruzurra egin zuelakoan. Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak pasaportea kentzeko eskatu du.
-
Juan Carlos Cueto, Auzitegi Nazionalera heldu denean. Argazkia: EFE
Juan Carlos Cueto 'Koldo auzia' ustez gidatu zuen enpresaburuak deklaratu du gaur ikertu gisa Auzitegi Nazionalean, kasua ikertzen ari den epailearen aurrean. Pandemia garaian erakunde publikoek maskarak erosteko kontratatu zuten enpresetako baten jabea da. Operazio hartan legez kanpoko komisioekin iruzurra egitea leporatzen diote.
Deklarazioan, goitik behera ukatu ditu akusazioak, eta ziurtatu du maskaren salmentan "espainiarrei laguntzea" izan zela bere "helburu bakarra", eta "ez probetxua ateratzea". KPMG aholkularitza-taldeak 2021ean egindako txosten bateko datuak azaldu dizkio epaileari. Horren arabera, maskaren prezioa bat zetorren merkatuak ezarritako balioarekin eta "irabaziak izateko tartea oso estua zen".
Erantsi duenez, erakunde publikoei saldutako osasun materialarekin 52 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta kopuru horren % 10 - % 13 lortu zuen irabazietan. Txinara joan-etorri asko egin behar izan zituela eta horrek kostu handiak eragin zizkiola argudiatu du, besteak beste.
Deklaratu ondoren, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eskatu du Cuetori pasaportea kentzeko. Defentsa zein herri akusazio gisa aurkeztu diren PP eta Vox alderdiak ez dira kontra azaldu, eta baliteke epaileak bihar bertan ematea pasaportea kentzeko agindua.
Fiskaltzak uste du Cuetok 9,6 milioi euroko irabaziak izan zituela pandemia garaian.
'Koldo auzia' joan den astean lehertu zen, Jose Luis Abalos ministro izandakoaren aholkulari ohia, Koldo Garcia, atxilotuta.