Politika
''Koldo auzia''
EITB MEDIA
24 orduko epea eman diote kargua uzteko. Horrez gain, pandemia garaian erakunde publikoek erositako osasun materialaren inguruan Kongresuan ikerketa batzorde bat zabaltzea proposatuko du PSOEk.
'Koldo auzia' lehertu eta bost egunera, "ardura politikoagatik" diputatu akta entregatzeko eskatu dio PSOEren Batzorde Federalak Jose Luis Abalos Garraio ministro izandakoari. 24 orduko epea eman dio horretarako. Aho batez hartu dute sozialistek erabakia, Esther Peña bozeramaileak zuzendaritza-bileraren ondoren egin duen agerraldian jakinarazi duenez. Abalosi erabakia helarazi diotela ere zehaztu du.
Guardia Zibilak joan den ostegunean atxilotu zuen Koldo Garcia, Abalosen aholkulari izandakoa, covid-19aren pandemian maskaren erosketan iruzur egin zuelakoan.
PSOEk uste du Abalosen kontrako inolako auzibiderik zabaldu ez bada ere, diputatu akta uztea dagokiola. "Ez gara epaileak, ez gara fiskalak eta ez dagokigu inor epaitzea, baina PSOEren Batzorde Federalak iritzi dio hemen badagoela ardura politiko bat", zehaztu du Peñak.
Horrez gain, pandemia garaian erakunde publikoek erositako osasun materialaren inguruan ikerketa batzorde bat zabaltzea proposatuko du PSOEk, eta datozen orduotan erregistratuko du horretarako eskaria Kongresuan. Batzordearen lehendabiziko egitekoa, eledun sozialistaren hitzetan, 'Koldo auzia' ikertzea izango da.
Bozeramaile sozialista ziur agertu da Abalosek "arduraz" jokatuko duela eta alderdia lehenetsiko duela erabakia hartzerakoan. Hori esanda, PSOEk ustelkeria politikoaren aurrean hiru oinarri "argi" dituela gehitu du: "justizia, gardentasun osoa eta erantzukizuna".
Zentzu horretan, PPri zuzendu zaio, eta hordagoa bota dio, popularrekin zerikusia duten auzietan erabakiak hartzeko eskatuz, "sozialistek egin duten bezala". "Gurean ez dira ordenagailuak suntsitu, ezta disko gogorrak ere. PSOEk gardentasuna jartzen du ororen gainetik, eroriko dena edozein dela ere", berretsi du.
Larunbatean La Sexta telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Abalosek iragarri zuen ez duela dimisioa emateko asmorik, baina onartu zuen Koldo auzia Gobernuko kide zenean lehertu balitz, egingo zukeela.
Erreakzioak bata bestearen atzetik iritsi dira, PSOEk bere erabakia zabaldu orduko. Alderdikideek txalotu egin dute, tartean, Denis Itxaso (PSE-EE) Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Horren hitzetan, PSOEren ustelkeriaren kontrako jarrera "irmoa" da, edozein dela ere bidetik apartatuko dutena.
Era berean, Sumar Mugimenduak ere sozialisten erabakia babestu eta Kongresuan ikerketa batzorde bat martxan jartzearen alde egingo duela aurreratu du, 'Koldo auzia' zein Madrilgo Erkidegoarekin lotutako ustezko irregulartasunak argitzeko.
Sare-sozialetan zabaldutako mezu batean, Yolanda Diaz Sumarreko buruak gogor kritikatu du "pandemiaren okerrenean" zenbaitek "negozioak egiteko aprobetxatzea". "Berdin dio nor den, Koldo edo Tomas Diaz Ayuso: gaitzetsi egin behar da eta eratzukizunak eskatu", bota du.
Bere aldetik, Alderdi Popularrak PSOEren eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra egiteko aprobetxatu du, beste behin, abagunea. Borja Semper PPren bozeramaileak Abalosi eskatu dio "dakien guztia kontatu" dezala, are gehiago "alderdiak bazterrean botata" utzi duenean.
PPk uste du Sanchezek lehendik zuela ustezko ustelkeria kasu honen berri, "Monkloak lehendabiziko salaketa 2020an" jaso baitzuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa