Politika
autogobernua
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Aldiriko trenen eta atzerriko tituluen transferentziak adostu dituzte
EITB MEdia
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, azken orduetan "gogor" egin dute transferentzia horiek ixteko. Sailburuak aitortu du oraindik ez dagoela datarik Transferentzien Batzorde Mistoan akordioak berresteko.
-
Tren bat Muskizeko geltokian (Bizkaia). Argazkia: Renfe
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute Aldiriko trenen eskumena eta atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa Euskadiren esku uzteko, EITBk jakin duenez.
Aldiriko trenak ziren, hain zuzen ere, agintaldia bukatu baino lehenago Jaurlaritzak lortu nahi zituen hiru transferentzien artean garrantzitsuena.
Aldiriko trenen eskualdatzea, atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa eta parekatzea eta migratzaileak hartzeko sistema PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidura babesteko itxitako akordioaren barruan daude.
Eusko Jaurlaritzak Renfek eskaintzen dituen aldiriko trenen zerbitzuen titulartasuna bere gain hartzeko akordioa gaur arratsaldean egin den bilera teknikoan itxi dute.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, azken orduetan "gogor" egin dute transferentzia horiek ixteko.
Garamendik azpimarratu duenez, "eskumen guztiak garrantzitsuak dira Eusko Jaurlaritzarentzat, guztiek laguntzen dutelako modu batean edo bestean euskal gizartearen ongizatean".
Sailburuak aitortu du oraindik ez dagoela datarik Transferentzien Batzorde Mistoan akordioak berresteko.
Aldiriko trenen eskumena Euskal Autonomia Erkidegora ekartzeko aplikatu behar izan duten "kemena" nabarmendu du Garamendik. Sailburuaren ustez, akordioa lehenago itxi zezaketen eta "argazkia atera, baina edukirik gabe egongo litzateke".
Autogobernuaren arduradunak azpimarratu du aldiriko trenen eskualdatzeak azpiegituretan inbertitzeko 400 milioi euroko plan bat jasotzen duela. Gainera, trasnferentzia horren kostua 92 milioi euro ingurukoa izango dela zehaztu du.
"Akordioaren arabera, Bilboko eta Donostiako aldiriko trenbide-zatietako zerbitzuak eskualdatuko dira, eta Araban zerbitzu berriak martxan jartzeko aukera egongo da, gaur egun ez baitu inolako aldiriko zerbitzurik, eta Bilbo-Karrantza linean. Era berean, Bilboko portura sartzeko lineak hegoaldeko trenbide-saihesbidea egiten denean eskualdatuko dira", azaldu du.
Azkenik, atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioa lortzearen garrantzia azpimarratu du, "hainbat sektoretan profesionalen premia berezia dagoen unean". "Euskadi izango da eskumen hori kudeatuko duen Estatuko erkidego bakarra", gaineratu du.
Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak nabarmendu duenez, akordioarekin "guztiok irabazten dugu". "Lehenik eta behin, euskal herritarrek irabazten dute, ziur aski aldiriko tren-zerbitzuak zabaldu ahal izango direlako; bigarrenik, euskal autogobernuak irabazten du, eta Espainiako Gobernuak ere irabazten du, erkidegoen estatuan sakontzen duelako", adierazi du sare sozialetan.
Halaber, "gaur bezalako egun batean", "garrantzitsua" iruditzen zaio berriro nabarmentzea "presaka ibiltzea ez dela inoiz komeni, akordioak onak direla, betiere berme juridiko, tekniko eta ekonomiko guztiak badituzte". "Denoi segurtasuna ematen digun akordio bat da, Euskadiko aldiriko garraioan garai berri bat irekitzeko aukera ematen duena", erantsi du.