09:20

Politika

GALIZIAKO HAUTESKUNDEAK

PPk gehiengo osoz irabazi ditu berriz ere Galiziako hauteskundeak, BNGk emaitza historikoa lortu duen arren

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

38 eserleku behar dira gehiengo absolutua lortzeko, eta 40 eskuratu ditu PPk, aurreko hauteskundeetan baino bi gutxiago. BNG izan da bigarren alderdi bozkatuena eta 25 eserleku lortu ditu, aurrekoan baino sei gehiago. Lehen aldiz, gainera, Democracia Ourensana sartuko da Parlamentuan.

0:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kolore urdina nagusi izan da oraingoan ere Galizian. Duela 43 urte autonomia erkidegoa eratu zenetik, Alderdi Popularrak agindu du 38 urtez, eta igande honetan ospatu diren hauteskundeetan ere popularrentzat izan da garaipena, tarte handiz, gainera. Inkestek aldaketa haizea etor zitekeela aurreikusten bazuten ere, ez da horrelakorik izan.

Botoen % 100 zenbatuta (CERA botoen faltan), Alfonso Ruedaren PPk 40 eserleku eskuratu ditu, lehen baino bi gutxiago baina nahikoa aginteari eusteko, 38 eserleku behar baitira gehiengo absolutua lortzeko.

Ana Pontonen BNG izan da bigarrena. Datu historikoak lortu dituzte eta 19 eserlekutik 25era igaro dira, sei irabazita. 455.000 lagun baino gehiagok (boto emaileen % 31) eman diete botoa Galiziako abertzaleei.

Txanponaren beste aldean, Jose Ramon Gomez Besteiroren alderdi sozialista (PsdG), hirugarren geratu da, 9 ordezkarirekin, bost eserleku galduta.

Ez Sumarrek ez Podemosek ez dute ordezkaritzarik lortu Galiziako Parlamentuan, Sumar ez da botoen % 2ra ere iritsi eta Podemosen kasuan, Alderdi Animalistak baino boto gutxiago jaso dituzte.

Ourenseko alkatearen Democracia Ourensanak, aldiz, eserleku bat eskuratu du, historian lehen aldiz. Bost aldiz aurkeztu da alderdia, berez, hauteskunde hauetara baina lehen aldia da ordezkaritza lortzen dutela. 2020ko hauteskundeetan, dena dela, ez ziren aurkeztu, hala adostu zutelako PPrekin, akordio batean.

% 67tik gorako partaidetza, inoizko altuena, eta kanpoko botoa kontatu gabe

Parte hartzea handia izan da 2024ko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan, % 67,24koa zehazki. 2020ko hauteskundeetan erregistratutakoa baino ia 20 puntu gehiagokoa izan da, % 48,97k bozkatu zuten orduan. 2016an, berriz, parte hartzea  % 53,63koa izan zen.

CERA botoa kontatzeko dago oraindik (29.300 boto).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena