Politika
HAUTESKUNDEAK
eitb media
CISen azken inkestak 38 eserleku ematen dizkio gehienez PPri, gehiengo osoa edukitzeko gutxienekoa, eta BNG 31raino irits daiteke. 2,6 milioi galiziarrek dute botoa emateko eskubidea.
Galiziarrak Venezuelan botoa ematen. Argazkia: EFE
Aspaldiko urteetako ikusmin handiena piztu dute igande honetarako deituta dauden Galiziako Parlamenturako hauteskundeek. Lehia estua aurreikusten da, eta ikuskizun dago Alderdi Popularrak (PP) azken lau legealdietan izan duen gehiengo osoari eusten dion.
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak joan den astean zabaldutako inkestaren arabera, BNGk nabarmen egingo luke gora (24-31 eserleku), eta PPk irabazi bai (34-38), baina ez luke gehiengoa izango. PSdeGk hirugarren postuari eutsiko lioke (9-14), ordezkariren bat edo beste galtzeko arriskuarekin.
Alfonso Rueda (PP), Ana Ponton (BNG), Jose Ramon Gomez Besteiro (PSdeG) eta Marta Lois (Sumar) dira Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak. Ponton izan ezik, gainerako hirurak berriak dira lasterketa honetan.
Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak: profilak eta proposamenak
Pontonek eta Besteirok dagoeneko esan dute elkarrekin gobernua osatzeko prest egongo liratekeela Ruedaren PP boteretik kentzeko aukerak edukiz gero. Sumar eta Vox, berriz, Ganberatik kanpo gera daitezke.
2,6 milioi boto-emaile
2,6 milioi boto-emaile daude hauteskundeetan parte hartzera deituta, eta litekeena da kanpoko botoek (ia % 18) izatea giltza.
Hauteslekuak 09:00etan ireki dituzte, eta 20:00ak arte egongo dira irekita. Ordutik aurrera jakingo dira lehenengo emaitzak, nahiz eta ez diren behin betikoak izango atzerrian bizi diren galiziarren botoak zenbatu arte.
Galiziarrak Brasilen, botoa ematen. Argazkia: EFE
12. hauteskunde autonomikoak
Galizian hamaika hauteskunde autonomiko egin dituzte 1981eko urriaren 20an lehenengoak egin zituztenetik. Ordutik, sei presidente izan ditu erkidegoak, eta azkena, Alfonso Rueda, agintaldia errepikatzen saiatuko da.
Ruedak 2022ko maiatzean hartu zuen kargua, Alberto Nuñez Feijook PPren buruzagitza hartu eta Espainiako hauteskundeetan aurkeztea erabaki zuenean.
Feijoo. Argazkia: EFE
Gerardo Fernandez Albor (Alianza Popular) izan zen lehenengo presidentea (1982-1987), Fernando Gonzalez Laxe (PSdeG) iritsi zen ondoren (1987-1990), Manuel Fragak (PP) gehiengo osoarekin agindu zuen 1993tik 2005era, Emilioi Perez Touriño sozialistak hartu zuen agintea gero 2009ra arte, eta ordutik aurrera gehiengo osoa izan du PPk, Feijoorekin 2022ra arte eta Ruedarekin gaurdaino.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa