15:30

Politika

GALIZIAKO HAUTESKUNDEAK

Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak: profilak eta proposamenak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

75 eserleku daude jokoan Galiziako Parlamentuan, eta horien bila aurkeztu diren hautagaitza nagusien lehen lerroan Alfonso Rueda (PP), Ana Ponton (BNG), Jose Ramon Gomez Besteiro (PSOE) eta Marta Lois (Sumar) daude. PPk azken 16 urteotan izan duen gehiengo osoa kolokan egon daiteke.

  • Rueda, Ponton, Besteiro eta Lois

    Rueda, Ponton, Besteiro eta Lois, kanpainako ekitaldietan

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aspaldiko urteetako ikusmin handiena piztu dute datorren iganderako deituta dauden Galiziako Parlamenturako hauteskundeek. Lehia estua aurreikusten da, eta ikuskizun dago Alderdi Popularrak azken lau legealditan izan duen gehiengo osoari eusten dion.

CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak joan den astean zabaldutako inkestaren arabera, BNGk nabarmen egingo luke gora (24-31 eserleku), eta PPk irabazi bai (34-38), baina ez luke gehiengoa izango. PSdeGk hirugarren postuari eutsiko lioke (9-14), ordezkariren bat edo beste galtzeko arriskuarekin.

Alfonso Rueda (PP), Ana Ponton (BNG), Jose Ramon Gomez Besteiro (PSdeG) eta Marta Lois (Sumar) dira Xuntako presidente izateko hautagai nagusiak. Ponton izan ezik, gainerako hirurak berriak dira lasterketa honetan.

75 eserleku daude jokoan —25, A Coruñatik; 14na, Lugotik eta Ourensetik, eta 22, Pontevedratik—, eta 2,6 milioi galiziar daude deituta bozkatzera. Atzerriko botoa (ia % 18) erabakigarria izango omen da.

Alfonso Rueda (Alderdi Popularra)

Alberto Nuñez Feijook 2022an Galiziako presidente kargua eta herrialde horretako popularren buruzagitza utzi zituenetik, Alfonso Ruedak (Pontevedra, 1968) hartu zuen haren lekukoa bi postuotan. Urte horretan bertan, maiatzean, hautatu zuten Xuntako presidente. Oraingo bozetan, bera da popularren hautagaia.

Zuzenbidean lizentziaduna, herri-administrazioko funtzionario lanetan aritu zen politikarako pausoa eman aurretik. "Funtzionatzen duen Galizia" lelopean, osasungintzan, hezkuntzan edota etxebizitzan jarri du fokua kanpainan, "gertutasuna eta zintzotasuna" aginduz. Bere erronka nagusia, PPk Galizian duen gehiengo osoari eustea.

Ana Ponton (BNG)

Ana Ponton (Lugo, 1977) hirugarren aldiz aurkeztu da Xuntako presidentetzara BNG alderdiarekin, eta itxura guztien arabera, oraingoan baditu Galiziako lehen presidente emakumezkoa izateko aukerak. Duela lau urte emaitza historikoak lortu ondoren, oposizioko buru izan da azken legealdian Parlamentuan.

Ikasketaz, Zientzia Politikoetan eta Administrazioan lizentziaduna da eta oso gazte zela sartu zen politikagintzan; 26 urte zituenetik da parlamentaria. Bere asmo nagusia da "aro berri bat" zabaltzea Galizian, BNGk gidatuta. Zerbitzu publikoak indartuko dituela agindu du kanpainan, eta gizarte-gaietan azpimarra berezia jarri du. Galiziarren artean ondoen ikusita dagoen hautagaia da, inkesta guztietan notarik altuena jaso duena.

Jose Ramon Gomez Besteiro (PSdeG-PSOE)

PSdeG alderdiaren hautagaia Jose Ramon Gomez Besteiro (Lugo, 1967) da, PSOEren apustua Galizian "ziklo aldaketa" abiatzeko. Kanpaina osoan zehar behin eta berriz esan du "Galiziako historia aldatzera" datorrela, eta horretarako agindu dituenen artean daude zerbitzu publikoak eta autogobernua indartzea zein ekonomia berdea sustatzea.

Egun, Espainiako Kongresuan diputatua da, Lugotik. Zuzenbide ikasketak ditu eta unibertsitatea amaitu orduko batu zen PSdeGra. Lugoko Diputazioko presidentea izan zen 2007-2015 aldian, ardura hori 24 urtez popularren esku egon ondoren. Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere izan zen Galizian 2023an.

Marta Lois (Sumar)

Kongresuan Sumarren bozeramailetza utzi berri duen Marta Lois (Pontevedra, 1969) da alderdi horren presidentegaia igandeko bozetan. 2015-2019 artean Berdintasun, Garapen Ekonomiko eta Turismo zinegotzia izan zen Santiagoko Udalean (Coruña), eta Sumar mugimenduko presidentea da sorreratik. Zientzia Politikoetan doktorea da.

Zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa agertu du, berdintasuna eta aniztasuna ardatz dituen programa batekin. Duen erronka nagusia Parlamentuan ordezkaritza lortzea da, 2020an En Marea eserlekurik gabe geratu eta gero.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena