Politika
KLIMA ALDAKETA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Arau berriak 2030erako energia berriztagarriak bultzatzeko helburuak zehazten ditu, eta besteak beste, energia berriztagarrien instalazioei kanon bat ordainaraziko zaie. Halaber, Jaurkaritzak erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du.
Joan den hilean EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdiek Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen edukiaren inguruan akordioa lortu ondoren, gaur arauari argi berdea eman dio Eusko Legebiltzarrak. Lehendakariak hauteskunde autonomikoak deitu baino lehen onartzeke zegoen lege-proiektu garrantzitsuenetako bat zen.
Aurreikusita bezala, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk alde bozkatu dute, eta arauak aurrera egin du talde horien babesarekin (75tik 62 legebiltzarkidek babestu dute). Gainerako alderdiek — Elkarrekin Podemos-IU, PP, Vox eta Ciudadanos — kontra bozkatu dute.
2050erako EAEn karbono emisioak zerora murriztea du helburu legeak, eta, horretarako, neurri zehatzak ezarri dira. Hala nola, ondorengoak:
- 2030erako EAEn ekoizten den energia guztiaren % 32 berriztagarrien bidez ekoitzi beharko da.
- EAEn energia berriztagarrien instalazioak (eguzki parkeak zein eolikoak) jartzen dituzten enpresek kanon bat ordaindu beharko dute inguruan egindako kaltea konpentsatzeko
- Eusko Jaurlaritzak baliabide fosilen desinbertsiorako bide orri bat zehaztu eta gauzatu beharko du 2030erako
- Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa eta batzorde zientifiko bat sortuko da
Goizeko saioan egin duen agerraldian, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eskerrak eman dizkie legea ahalbidetu duten taldeei, "egindako ahaleginagatik". Bere hitzetan, "anbizio handiko legea da, baina aldi berean, errealista".
Taldeetako ordezkariei dagokienez, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk arau berria defendatu dute, bakoitzak bere ñabardurekin, eta berau betetzeko konpromisoa agertu. Gainerako alderdiak, aldiz, oso kritiko agertu dira; Elkarrekin Podemos-IUrentzat anbizio gutxiko legea den bitartean, PP eta Vox taldeek uste dute bete ezin diren helburuak dituela arauak.
Euko Jaurlaritzak iazko maiatzean aurkeztu zuen lege-proiektua, eta ekainean hasi ziren izapidetzen ganberan. Ezein taldek ez zuen osoko zuzenketarik aurkeztu. EH Bilduk 115 zuzenketa partzial aurkeztu zituen; Elkarrekin Podemos-IUk, 116; PPk, 50, eta Ciudadanosek, 9. Jaurlaritza osatzen duten taldeek, bestalde, 117 zuzenketa aurkeztu zituzten.
Legebiltzarrean legea onartzeko saioa egiten ari ziren bitartean, kanpoaldean Euskal Herria Bizirik sare ekologistako hainbat kidek protesta egin dute. Besteak beste, salatu dute zentral eoliko eta fotoboltaikoak eraikiko dituzten enpresa handien interesen alde egindako araua dela:
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa