Itxi

Politika

TSUNAMI DEMOCRATIC AUZIA

Puigdemont terrorismoagatik ikertzearen alde agertu da Auzitegi Goreneko Fiskalen Batzordea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zigor arloko fiskalen batzordeak atzera bota du Alvaro Redondo fiskalak Puigdemont terrorismoagatik ez ikertzeko eskatuz egindako txostena.

  • Carles Puigdemont

    Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE

Auzitegi Goreneko Fiskalen Batzordeak eskatu du Carles Puigdemont terrorismo delituagatik ikertzea Tsunami Democràtic auzian. Hortaz, zigor arloko fiskalen gehiengoak atzera bota du Generalitateko presidente ohia terrorismoagatik ez ikertzeko eskatuz Alvaro Redondo fiskalak egindako txostena. 

Gaur goizean fiskalek bilera egin dute Tsunami Democràtic auzian terrorismo deliturik izan ote zen aztertzeko, eta, lau orduko bileraren ostean, Redondoren irizpidearen aurka agertu dira.

Horrenbestez, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak bat egin du Tsunami Democratic auziaren instrukzioa egiten ari den Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epailearen tesiarekin. Izan ere, Carles Puigdemont ez ezik, Ruben Wagensberg Kataluniako parlamentaria eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia ere terrorismoagatik ikertzea eskatu zion Gorenari.

Gaurko erabakiaren ondotik, irizpide aldaketa hori azalduz beste txosten bat idatzi beharko dute fiskalek.

Dena den, Tsunami Democràtic auzian Puigdemont terrorismoagatik ikertu behar den ala ez Auzitegi Goreneko epaileek erabakiko dute.