Politika
Ikerketa
Agentziak | EITB Media
2016 eta 2019 artean erakunde armatuaren 95 presori egindako omenaldiengatik biktimak umiliatzea egotzita ETAko presoei eta Sortuko kideei irekitako auzia berriro ireki du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Telegram-i Sorturen bi txaten eta Sareren baten titulartasunari buruzko informazioa eskatu dio.
Garcia Castellon epailea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak berriro zabaldu du 2016 eta 2019 artean ETAko presoei egindako 95 omenaldiengatik biktimak umiliatzea egotzita ETAko presoei eta Sortuko kideei irekitako auzia. Oraingoan Sorturen bi txaten eta Sare sare herritarraren beste baten atzean nor dagoen jakin nahi du, magistratuaren arabera, ETA erakunde armatuko "presoekin eta iheslariekin lotutako hainbat gai eta arlori buruzko jarraibideak" eman baitira txat horietan.
Ebazpen horren arabera, Instrukzioko 6. Epaitegi Zentraleko titularrak Telegram konpainiari eskatu dio, ikerketa daraman polizia-unitatearen bitartez, kanal horien titulartasunaren berri eman eta horien administratzaileak identifika ditzaten.
Urriaren 27an, epaileak auzia ez luzatzea erabaki zuen, baina Dignidad y Justiciak helegitea aurkeztu zuen, eta orain, Fiskaltza aurka egonik ere, epaileak onartu egin ditu aurkeztu diren alegazio horiek, eta auziarekin jarraitzea erabaki. Izan ere, uste duenez, "instruitutako gertakariak argitzeko eta horietan parte hartu duten subjektuak zehazteko" beharrezkoak dira proposatutako ikerketa-eginbide berriak.
Horrela, Garcia Castellonek aitortu duenez, instrukzioa "goizegi" itxi zen, eta uztailaren 29ra arte luzatzea erabaki du, eginbide horiek egiteko.
Eginbide horien oinarrian daude Carlos Saez de Eguilaz eta Felipe San Epifanio Pipe ETAko preso ohien gailu informatikoetan Sorturenak eta Sarerenak liratekeen Telegrameko bi kanaletako hainbat mezu. Hain zuzen ere kanal horien administrariak nortzuk diren jakitea du helburu epaileak.
Sorturen eta EH Bilduren erantzuna
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak emandako autoak "euskal frontea ireki" nahi du, "behin Kataluniako frontea irekita".
Bere ustez, "Espainiako Estatuan dagoena pultsu bat da, Estatu horretako nazioei, herriei eta langileei interesatzen zaizkien eztabaidak egiteko aukera zabaldu nahi dugunon eta, kosta ahala kosta, halakorik eragotzi nahi dutenen artean". Hala, "Espainiako Estatuko eskuinari eta eskuin muturrari" leporatu die hori, "zeinak, gure ikuspuntutik, ia-ia gauza bera baitira".
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere epailearen erabakia gaitzesi du, X-en zabaldutako mezu baten bidez:
Kasu! Afera hau ez da ez Sorturi ez ongi etorriei buruzkoa.
— Arkaitz Rodriguez Torres (@arkarodriguez) January 31, 2024
Hemen gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala eraistea da helburua; Estatuaren demokratizazioan aurrera egiteko aukera leihoa istea; lotuta eta ondo lotuta utzi zuten hori deslotzen has dadin galaraztea.#Lawfare pic.twitter.com/9lntCpkise
2018tik irekitako auzia
Auzi hori 2018ko otsailean hasi zen, Anton Lopez Ruiz Kubati ETAko preso ohi historikoa eta Sortuko Ohiana Garmendia eta Miren Zabaleta Aurresku-Carmen Operazioan atxilotu zituztenean.
Guardia Zibilak auzi honetan bidalitako txosten batek liskar politikoa eragin zuen, presoen abokatuek edo Sareko abokatuek izandako elkarrizketak jasotzen baitziren, Joseba Azkarraga sailburu ohiarekin izandakoak, esaterako, zeinetan Azkarragak Espetxeetako idazkari nagusi Ángel Luis Ortizekin egindako gestioak aipatzen baitziren, presoen lekualdaketei edo gaixo dauden presoen egoeraren ingurukoak.
Auzi horren barruan, epaitegiak Sortuko ETAko presoen aldeko batzordeak argitaratutako "Kalerainfo" aldizkaria eta www.kalerakalera.eus webgunea ixtea agindu zuen, terrorismoa goratzeko tresna zirela iritzita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa