Itxi

Politika

Aurrekontu akordioa

"Akordioaren kultura" goratu du Etxebarriak, herritarrek irtenbideak eta itunak nahi dituztela sinetsita

EITB MEDIA

"Albiste bikain hau testuinguru berezi batean iritsi da, eta horrek balio erantsia eman dio, beste erakunde batzuetan izan den akordio eza eta aurrekanpaina klima ez baitziren horretarako aurrekari onak", esan du Gasteizko alkateak.

2:26
Maider Etxebarria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

EH Bildurekin legealdi honetako udal aurrekontuak adostu ostean, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak "akordioaren kultura" laudatu eta esan du herritarrek irtenbideak eta itunak eskatzen dituztela.

Etxebarriak agerraldia egin du koalizio abertzaleak aurrekontuak babestuko dituela jakin eta gutxira, EAJk eta PSE-EEk erdietsitako akordioaz jarduteko.

Gasteizko Udalean dauden 27 zinegotzietatik 12 dituzte sozialistek eta jeltzaleek, horregatik, oposizioko talderen baten babesa behar dute aurrekontuen onarpenerako. EH Bilduren aldeko botoak lortzeko, sei milioi euroko aurrekontua gehitu behar izan dute, koalizioak aurkeztutako hainbat zuzenketa onartuta, eta beste sei milioi eurokoa konpromiso kredituak adostuta.

Horren harira, alkateak gogora ekarri du bere inbestidura saioan adierazitakoa, alegia, akordioak lortzeko premia, "herritarren eskaerei men eginda".

"Albiste bikain hau testuinguru berezi batean iritsi da, eta horrek balio erantsia eman dio, beste erakunde batzuetan izan den akordio eza eta aurrekanpaina klima ez baitziren horretarako aurrekari onak", nabarmendu du.

Hain zuzen ere, azpimarratu du itunek "egonkortasuna eta konfiantza" dakartela, eta elkarrizketa behar bat dela, geldirik egotea aukera bat ez dela iritzita.

"Oso garrantzitsua zen aurrekontu bat onartzea, hori da herriak nahi duena, eta Gasteiz da lehentasuna", berretsi du.

Udalkideei buruz azaldu du ez dutela "lehentasunezko bazkiderik". Gauzak horrela, ez dio aterik itxi legealdian zehar PPrekin edota Elkarrekin Podemosekin ere itunak egiteari, aurrerago elkar ulertuko dutenaren uste osoa baitu.