Politika
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Miren Gorrotxategi "ez litzateke adostasunezko hautagaia izango", Andeka Larrearen arabera
O. A. | EITB Media
Sumar Mugimenduak Euskadin duen bozeramailea harrituta mintzatu da Otxandianok EAJri proposatuko diolako Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko formula Eusko Jaurlaritzan aplikatzea.
-
Andeka Larrea
Sumar, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Berdeak-Equo taldeek negoziatzen jarraitzen dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, eta itxura guztien arabera, akordioa lortzeko oztopo nagusienetako bat lehendakarigariarena da. Andeka Larrea Sumar Mugimenduaren Euskadiko bozeramailearen arabera, Miren Gorrotxategi (Ahal Dugu) "ez litzateke adostasunezko hautagaia izango", eta horren ordez, Alba Garciaren izena defendatu du zerrendaburu izateko.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, EAEko gizarteak "belaunaldi" eta "lidergo" aldaketa eskatzen du, eta testuinguru horretan uste du Alba Garbia litzatekeela aldaketa hori "hobekien" ordezkatuko lukeena. Hain zuzen ere, Miren Gorrotxategik Elkarrekin Bai izena daraman hautagaitza aurkeztuko duen egunean egin ditu adierazpen horiek.
Andeka Larreak espero du datozen egunetan erabakiko dutela hauteskundeetara elkarrekin aurkeztu ala ez. Horren ustez, bereizita aurkeztea ez litzateke ona izango, "militanteek elkarrekin joatea eta elkar ulertzea eskatzen digutelako". Ildo horretan, uste du alderdi politiko guztiek "eskuzabaltasunez" eta "ikuspegi zabalarekin" jokatu behar dutela akordioak lortu ahal izateko. Hala ere, nabarmendu du Sumarrek ez duela amore emango Alba Garcia lehendakarigaiari dagokionez.
Bestalde, Sumar Mugimenduak Euskadin duen bozeramailea harrituta mintzatu da Otxandianok EAJri proposatuko diolako Nafarroako eta Iruñeko formula Eusko Jaurlaritzan errepikatzea. Azaldu duenez, ez dute diagnostiko hori partekatzen.