Politika
Udalak
Olatz Prat | EITB Media
Berrobi, Dima, Izurtza, Larraun, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalek bat egin dute Euskal Herriko udalen partzuergoarekin larunbat honetan Bergaran egin duten Batzar Orokorrean. Ekitaldi itxurako batzarra izan da, gainera, aurten Udalbiltzak 25 urte beteko dituela-eta.
Udalbiltzako lehendakaria eta zuzendaria, Batzorde Eragileko kideekin, Bergarako ekitaldian. EITB.
Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalak Udalbiltzako kide dira gaurdanik, eta zazpi kide berriak zenbatuta, 84 herrik osaten dute Udalbiltza.
Euskal Herriko udalen partzuergoak urteko lehenbiziko Kontseilu Nagusia egin du larunbat honetan Bergaran, eta han onartu dute kide berrien sarrera, datozen hilabeteetan udal gehiagok Udabiltzarekin bat egiteko asmoa dutela iragartzearekin batera.
Batzar horrek ekitaldi itxura hartu du gaurkoan, gainera. Izan ere, 25 urte beteko ditu aurten Udalbiltzak, eta ekitaldi hori probestu nahi izan dute ibilbide honetan Udalbiltzak nazio eraikuntzari egindako ekarpena aitortzeko, bai eta etorkizunera begira partzuergoak dituen erronkak nabarmentzeko ere, besteak beste, udalek martxan jartzen dituzten proiektu berritzaileak laguntzea eta tokian-tokian arrakasta duten proiektu estrategikoak Euskal Herri mailakoak bihurtzea.
Haritz Alberdi Arrillaga partzuergoko lehendakariak azaldu duenez, egun abian dauden proiektuak sustatzeaz gain, ekimen berriak abian jartzea da Udalbiltzaren asmoa: "Guztion artean, gure herriaren burujabetza lortzeko bidean indarra egiten jarraitu behar dugula uste dugu, nazioa egiten jarraitu behar dugula. Eta argi dugu hori egunero egiten den lana dela, udalerriz udalerri lantzen diren proiektu zehatzen bidez. Beraz, proiektu eta esperientzia berritzaileak biltzea izango da, Alberdiren hitzetan, partzuergoaren eginbeharra, "indarrez bultzatzeko, sustatzeko eta egon daitezkeen oztopo juridiko eta teknikoak gainditzen laguntzeko".
Urteurren biribilarekin bat eginez, logoari ere aldaketak egin dizkiote, eta logo berritua gaurko batzarrean aurkeztu dute. Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariaren hitzetan, "Udalbiltzaren egitura eta funtzionamendua garai berrietara moldatzearekin batera, beharrezko ikusi da irudi korporatiboa ere berritzea, izanaren aldaketak irudian isla izan dezan". Azaldu duenez, orain arteko armarriaren logoa ahaztu gabe, Udalbiltzaren 'U' hizkiari eman diote armarri itxura, armarri ireki batena: "Udalerriekin elkarlanean aritzeko eskuak zabalik dituen erakundea dela adierazten du, gertukoa, eta hurbila, eta, nola ez, urteetan pilatuz doan ezagutza hori guztia jasotzen segitzeko prest dagoen etxea".
Halaber, 25 urteko ibilbidean bide horretan lagun eta akuilu izan dituzten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldian gaur egun "ohorez eta arduraz" Udalbiltza gidatzen dutenek. Alberdiren esanetan, "ezin ahaztu egitasmoari bizirik eusteko lanean aritu diren pertsona guztiak; gaur hemen gaude beste askok hainbeste urtetan egindako lanari eta ahaleginari esker. Guztiei, eskerrik asko!".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa