13:53

Politika

Bateragune auzia

Konstituzionalak Otegiren helegitea onartu eta Bateragune auziaren epaiketa errepikatzea baztertu du

Agentziak | EITB Media

Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatzeko agindua eman zuen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 6 eta 6 urte eta erdi arteko kartzela zigorrak baliogabetu ostean.

  • Arnaldo Otegi, prentsaurreko baten ostean.

    Arnaldo Otegi, prentsaurreko baten ostean. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia babestu eta Bateragune auziko epaiketa errepikatzea baztertu du, Otegiren eta beste lau zigorturen aurka, EFEk aipatutako iturri juridikoen arabera.

Konstituzionalak aldeko 7 boto (gehiengo aurrerakoia) eta kontrako 4rekin (kontserbadoreak) hartu du erabakia. Konstituzionalak, beraz, Otegiren helegitea onartu du, Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka. Gorenak epaiketa errepikatzea erabaki zuen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 6 eta 6 urte eta erdi arteko kartzela zigorrak baliogabetu ostean.

Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak babestu egin du Juan Carlos Campo magistratu aurrerakoiak idatzitako ponentzia. Horren arabera, Otegi berriz ere aulkian jartzeak bere eskubideak urratuko lituzke. Hiru boto partikular izan dira, gehiengoarekin bat ez datozelako, eta beste lauk adierazi dute gehiengoaren erabakiarekin bat datozela, baina beste argudio batzuk erabilita. Fiskaltza ere alde agertu zen.

Europa Pressek kontsultatutako iturrien arabera, zigortuek Estatuari kalte ordaina eskatu ahal diote.

Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen Auzitegi Nazionalaren epaiketak ez zituela berme guztiak bete, Angela Murillo magistratua epaimahaiko kide zelako, Otegiren kontrako beste auzi batean inpartzialtasun faltagatik baztertua izan zen arren.

Auzitegi Nazionalak 6 eta 6 urte eta erdi arteko zigorrak ezarri zizkien bost akusatuei, erakunde terroristako kide izatea egotzita, eta Auzitegi Gorenak epaiketa errepikatzea erabaki zuen Estrasburgoren erabakiaren ostean.

Erreakzioak

Sare sozialetan zabaldutako mezuan, lehen balorazioa egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak: "Bakearen etsaiek galdu dute eta Euskal Herriak irabazi du".

"Horrela sinatu nuen 10 urteko zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalean: 'Bake bidetik, independentzia! Sozialismoa! Irabaziko dugu!'. Orain oso harro eta oso lasai esan dezaket: EGIN IRRI, IRABAZIKO DUGU", gaineratu du.

Bateragune auzian zigortutako bost pertsonek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia baloratzeko prentsaurrekoa eskainiko dute ostegun honetan, 11:00etan, EH Bilduk Donostian duen egoitzan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena