Politika
GALIZIAKO HAUTESKUNDEAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Podemos Galizia bere markarekin aurkeztuko da, bere ideiak "ezin direlako umezurtz geratu". Isabel Faraldo Coruñako zinegotzi ohia izango da hautagai morea otsailaren 18ko hauteskunde autonomikoetan. Euskadin ez dago ezer erabakita oraindik.
Isabel Faraldo izango da Podemosen zerrendaburua Galiziako hauteskundeetan. Irudia: EITB Media
Podemos Galizia bere izenarekin aurkeztuko da otsailaren 18ko hauteskunde autonomikoetara, eta barne primarioen irabazlea, Isabel Faraldo Coruñako zinegotzi ohia, izango da zerrendaburua. "Indar politiko apala gara, baina gizartearen sektore baten ideiak ordezkatzen ditugu, eta sektore hori ezin da politikoki umezurtz geratu", adierazi dute Galiziako alderdi moreko iturriek.
Duela egun gutxi, Pablo Iglesiasek Canal Redeko editorialean koalizioari muzin egin zion eta BNGri boza ematearen alde egin zuen, eta iritzi horrek erabakian zerikusia izan ote duen galdetuta, alderdi moreko iturriek argi utzi nahi izan dute oinarriek egindako bozketa "autonomoa eta demokratikoa" izan dela.
Galiziako Podemosen izena emanda dauden 2.513 pertsonak parte hartu dute bi egun iraun duen bozketan, eta horien % 62,36k uko egin diote Sumarrekin koalizioan aurkezteari. Parte hartu dutenen % 36,25, aldiz, otsailaren 18ko hauteskundeetara Yolanda Diaz buru duen alderdiarekin batera joatearen aldekoak ziren.
Bozketaren emaitzak ikusita, zapuztuta geratu da Sumarrek, Podemos Galiziak eta IUk osatuko luketen ezkerreko koalizioa. Sumar eta IU elkarrekin aurkeztuko dira, eta Podemos, berriz, bere aldetik.
Ione Belarra Podemoseko buruak nabarmendu duenez, alderdiaren Galiziako militantziak "argi eta garbi" esan du alderdiak otsailaren 18ko hauteskundeetan egon behar duela eta bere proiektu politikoa "errespetatu" egin behar dela.
Moreen idazkari nagusiak zorionak eman dizkio Isabel Faraldo Coruñako zinegotzi ohiari, barne primarioetan bozkatuena izan baita, eta kartelburu "onena" dela nabarmendu du.
Sumarreko ordezkariek esan dute penaz hartu dutela erabakia, baina aurrera egin eta Galizian aldaketa politikoa gauza dadin lanean jarraituko dutela esan dute.
EAEko hauteskundeei dagokienez, Sumarrek eta Podemos Euskadik negoziatzen jarraitzen dute, eta ez dute ezer baztertzen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa