Itxi

Politika

Euskadi Irratia

Asiron: "Indar aurrerakoiok erakutsi dugu politikak adosteko gai garela"

eitb media

UPNren jarrerari begira, kritikatu du ez dela "eraikitzailea" izan, eta "hirian pentsatu" beharra dagoela, "erridikulorik egin gabe".

  • Joseba Asiron

    Joseba Asiron, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB

    20:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Joseba Asiron Iruñeko alkateak goraipatu du Iruñeko Udaleko indar aurrerakoiek "politikak adosteko gaitasuna" erakutsi dutela zentsura-mozioa aurrera ateratzeko akordioarekin.

Iruñeko Udalaren aginte makila hartu eta biharamunean, "irribarrea ezin kenduta", Euskadi Irratiko mikrofonoetan adierazi duenez, "oso kezkagarria" izan da UPNk zentsura-mozioaren aurrean erakutsi duen jarrera: "Ulergarria da hasierako etsipena, baina politikak batzuetan goian kokatzen zaitu, eta besteetan behean. Hirian pentsatu behar da, erridikulorik egin gabe".

Asironek esan du orain "paradigma aldaketa bat" bilatzen dutela, eta indar aurrerakoiek duten "erantzukizun nagusia politika aurrerakoiak urte askotarako geratuko direla bermatuko duen engranajea sortzea" dela.

Horren harira, adierazi du ez duela baztertzen aurrerago PSN EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Zurekinekin batera udal-gobernuan sartzea, eta 2015eko legegintzaldian Geroa Bairekin gertatu zena ekarri du gogora (hasieran ez zen sartu eta gero bat egin zuen).

EH Bilduko alkateak Udalean "aldaketa" egongo dela dioenean zer esan nahi duen galdetuta, erantzun du azken 5 urteetan "paralisia" egon dela Iruñeko Udalean: "Minoria bat izan dugu agintean, ez zena kontziente minorian zegoela, ez duena besteekin ezer negoziatu nahi izan, eta horrek paralisia ekarri dio hiriari".

Horren aurrean, lehenengo egitekoa aurrekontuak onartzea izango omen da, horiekin politika sozialak aurrera eramateko baliabideak eskuratzeko.

Politika horien artean etxebizitzan jarri du azpimarra. Epe laburrera begira, "kale gorrian lo egiten duen jendeari" aterpea ematea bilatuko du, Nafarroako Gobernuarekin koordinatuz: "Orain arteko Udalak gobernuari ere oposizioa egiten zion, eta elkarlana ez da posible izan. Guk Gobernuarekin koordinatu nahi dugu".

Epe luzeagora, Asironen taldeak identifikatuta omen ditu 1.000 inguru etxebizitza eraikitzeko lekuak, eta horiekin batera, jada Udalarenak diren 600 etxebizitzako parke bat ba omen dago. Azken horiek egoera larrian dauden pertsonentzat bideratuko dituztela hitzeman du.

Bestelako gai zehatz batzuetara joanda, argi adierazi du Zangotzako aparkalekuaren proiektua bertan behera utziko dutela, eta beste irtenbide batzuk bilatzen ari direla: existitzen diren parkinetan esku hartzea, Galizia etorbideko lanak aprobetxatzea lurpeko aparkalekuak egiteko, etab.

Bestalde, Erorien Monumentuari bestelako esanahi edo erabilera bat emateko prozesu partehartzaile bat martxan jarriko dutela jakinarazi du.