Itxi

Politika

ZENTSURA MOZIOA

Iruñeko Udalean gaur sinatuko dute gobernu akordioa EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak

EITB Media

Hiru udal talde horietako bozeramaileek arratsaldeko bostetan sinatuko dute gobernu programa Pamplona hotelean.

  • Iruñeko Udala artxiboko irudi batean

    Iruñeko Udala artxiboko irudi batean. Argazkia: Paco Moreno

Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa gauzatzen denean Iruñean udal gobernu berria osatzeko akordioa lortu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Gaur goizean iragarri dutenez, arratsaldean sinatuko dute gobernu programa izango dena hiru udal talde horietako bozeramaileek, hurrenez hurren, Joseba Asiron (EH Bildu), Mikel Armendariz (Geroa Bai) eta Txema Mauleonek (Zurekin Nafarroa).

Sinadura ekitaldia 17:00etan egingo da Iruñeko Pamplona hotelean, eta bertan adostu dutenaren inguruko xehetasunak emango dituzte. Pasa den ostiralean Joseba Asironek gobernu berria osatzeko helburuz abiatu zuen bilera errondaren ondotik, hartu-emanak etengabekoak izan dira hiru taldeen artean, eta azkenean akordioa gauzatu da.

EH Bilduk eta PSNk Ibarrolari Iruñeko alkatetza kentzeko akordioa erdietsi bazuten ere, sozialistak ez dira udal gobernuan sartuko.

Abenduaren 28ko ezohiko osoko bilkuran bozkatuko dute zentsura mozioa, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen kargutik kendu (UPN) eta Joseba Asiron (EH Bildu) jartzeko. Hortaz, Joseba Asiron berriro alkate izendatuko dute, 2015etik 2019ra bitartean ere karguan egon baitzen.