Itxi

Politika

Gipuzkoako Aurrekontuak

EH Bilduk ez ditu Gipuzkoako aurrekontuak babestuko eta Foru Aldundiak 2023koak luzatu ditu

Agentziak | EITB Media

EAJk eta PSE-EEk 2023ko aurrekontuak luzatzea erabaki dute. Eider Mendoza ahaldun nagusiak "hauteskunde interes alderdikoiak" izatea leporatu dio EH Bilduri, "azken momentuan" iritziz aldatzeagatik.

  • Maddalen Iriarte, prentsaurrekoan.

    Maddalen Iriarte, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

EH Bilduk iragarri du ez duela akordiorik lortu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, beraz, ez dituela EAJren eta PSE-EEren aurrekontuak babestuko. Foru gobernuak, beraz, 2023ko aurrekontuak luzatu ditu, babes nahikorik ez duelako.

Koalizioa zen Foru Aldundiarekin negoziatzen jarraitzen zuen oposizioko alderdi bakarra, baina ezezkoak EAJ eta PSE-EE utzi ditu 2024ko proiektuak aurrera ateratzeko babes nahikorik gabe.

Maddalen Iriartek prentsaurrekoan azaldu duenez, EAJ eta PSE-EEren gobernuak ez du "zaintza eredu komunitarioaren alde egiteko urratsik" aintzat hartu, eta horrek hitzarmena egiteko aukera aldendu du. Hori da EH Bilduren proposamenaren bost ardatzetako bat, herritarren aldetik jasotako "mandatuarekiko koherentziaz, zintzotasunez eta ardura politikoz" egina. Baina, Iriartek azaldu duen bezala, Foru Aldundiak ez du EH Bilduk proposatutako "norabide aldaketa" babestu.

Koalizioaren asmoa zaintza sisteman diharduten irabazi asmodun entitateen eredua "2030erako errotik aldatzea" da, eta horretarako foru gobernuaren konpromisoa bilatu du, baina Aldundiak "ezetz" esan die.

EH Bilduk, bestalde, "beste talante bat" eskatu dio gobernuari, "are gehiago, gutxiengoan dagoela aintzat hartuta". Iriartek gehitu du koalizioa "arduraz jokatzen" jarraituko duela: "Akordioetara iritsi nahi badu, egiturazko akordio politikoak izango ditu mahai gainean, orain izan dituen bezala".

PPk eta Elkarrekin Gipuzkoak ostiralean iragarri zuten ez zutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektua babestuko.

EH Bilduk ezezkoa iragarri ondoren, Eider Mendoza ahaldun nagusiak luzapenaren berri eman du. Gobernu kontseiluak ez ohiko bilera egin du, eta aurrekontu proiektua erretiratzea eta aurrekoak luzatzea erabaki du. Mendozak azaldu duenez, aurrekontuak aurrekontuak "oso sendoak" eta "anbiziosoak" dira; beraz, luzapenak segurtasuna emango die gipuzkoarrei.

Ahaldun nagusiak "hauteskunde interes alderdikoiak" izatea leporatu dio EH Bilduri, azken momentuan, kontrakoa iragarri arren, "marra gorri ideologikoak" jarri dituela negoziazioan.

Mendozaren esanetan, EH Bilduren eta foru gobernuaren arteko akordioa "oso gertu" zegoen, "eduki eta partida zehatzetan" aurrera egiten, baina "Gipuzkoaren interesekin zerikusirik ez duten kontsigna alderdikoiak" nagusitu dira koalizioan.