Politika
Gorroto delitua
EITB Media
"Abascalen eta Voxen gainean legearen eta Zigor Kodearen pisu guztia erortzea nahi dugu", esan du Patxi Lopezek. Bestalde, Abascal "pozarren" agertu da salaketarekin, eta epaileen aurrean aurkezteko eskatu du, eta ez Fiskaltzaren aurrean, hura Sanchezen "menpe" dagoelako.
Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko burua. Argazkia: EFE
PSOEk Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean salatuko du Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko burua, gorroto delitua egotzita, baita sozialisten egoitzei egindako "erasoengatik" ere. "Uneren batean" herriak Pedro Sanchez "oinetatik zintzilikatu" nahiko duela adierazi zuen Abascalek Argentinan.
"Abascalen eta Voxen gainean legearen eta Zigor Kodearen pisu guztia erortzea nahi dugu", esan du Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak, Behe Ganberan emandako prentsaurreko batean.
Azaldu duenez, Abascalek Sanchezi buruz esandakoak eta amnistia legearen aurkako protesten erdian sozialisten egoitzei egindako "erasoak gorrotoa, etsaitasuna, diskriminazioa eta indarkeria publikoki sustatzen dituzten ekintzak dira".
Ildo beretik, Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan kritikatu duenez, Abascalek igandean Argentinako Clarin egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean esandakoak "gorrotoa eta indarkeria sustatzen ditu", eta "erantzun bakarra salaketa bat aurkeztea da".
Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramailea. Argazkia: EFE
Bestalde, Miguel Tellado PPk Kongresuan duen bozeramaileak Abascalen hitzei buruz esan duenez, ultraeskuineko buruzagia Sanchezen "salbagerriko petoa" da, Espainiako Gobernuko presidentea "sute baten erdian harrapatuta" dagoen bakoitzean, orain amnistia legearekin gertatu bezala, "biktimismoaren komodinera joateko aukera ematen dion larrialdiko atea irekitzen diolako".
Bien bitartean, Marta Lois Sumarreko bozeramaileak salatu du Abascalen adierazpenak "indarkeria politikoaren apologia" direla, eta bere buruari galdetu dio zer gertatuko litzatekeen eskuinak eta ultraeskuinak gobernatzea lortu izan balute eta Voxeko burua Espainiako Gobernuko presidenteordea izango balitz. "Berak bezala pentsatzen ez duten guztiak zintzilikatuko zituzketen oinetatik", erantsi du.
Azkenik, Abascal "pozarren" agertu da salaketarekin, eta epaileen aurrean egiteko eskatu du, eta ez Fiskaltzaren aurrean, hura Pedro Sanchez presidentearen "menpe" dagoelako. Espainiako ultraeskuineko buruzagiak Argentinako egunkariari egindako adierazpenak berretsi ditu, eta hedabideari esandakoa "puntuz puntu errepikatzeko" aukera gisa ikusten du salaketa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa