Itxi

Politika

Diputatuen Kongresua

Kongresuak Amnistia Legea bozkatuko du gaur

Agentziak | EITB MEDIA

Mobilizazio ugariren ostean eta polarizazio betean, eztabaida liskartsua espero da. Legea Osoko Bilkuraren aurrean defendatzeko arduraduna Patxi Lopez Talde Sozialistako bozeramailea izango da.

  • Diputatuen Kongresua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

    Diputatuen Kongresua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Kongresuko Osoko Bilkurak astearte honetan hartuko du PSOEk erregistratutako Amnistia Legearen proposamenaren lehen eztabaida. Hilabeteotako askotariko mobilizazioen eta diskurtsoen polarizazioaren ondoren, hemizikloan eztabaida liskartsua espero da, eta bozketak arratsaldeko azken ordutik aurrera izatea aurreikusten da.

Kongresuko Mahaiak PPren aurkako botoarekin kalifikatu ondoren, Amnistia Legea Gorteen Aldizkarian argitaratu zen, eta Gobernuari bidali zitzaion, eztabaidari adostasuna eman ziezaion; izan ere, Konstituzioak Gobernuari ematen dio bere aurrekontu-politika baldintzatzen duten legegintza-ekimenak izapidetzeari betoa jartzeko ahalmena, dela gastua handitzeagatik, dela diru-sarrerak murrizteagatik.

Gobernuak 30 egun ditu iritzia emateko, baina oraingoan 27 egun falta izan zaizkio Kongresuari ekimen hori izapidetzearekin ados dagoela jakinarazteko. Kasu batzuetan are azkarrago erantzun du, sedizio-delituarekin amaitu zuen lege-proposamenarekin adibidez, eztabaidari oniritzia emateko 24 ordu baino gutxiago behar izan zituenean.

Gobernuaren bermea lortu ostean, Bozeramaileen Batzordeak legea aintzat hartzeko eztabaida astearte honetarako programatzea erabaki zuen, eta PPk eta Voxek erabaki horren aurka egin zuten.

Amnistia Legea izango da legegintzaldi honetan Kongresuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den lehen legegintza-ekimena. Felix Bolaños ministroak aurkeztu zuen, baina Patxi Lopez Talde Sozialistako bozeramaileak defendatuko du osoko bilkuran, eta Alberto Nuñez Feijoo oposizioko buruak erantzungo dio.

PSOEk eta bere bazkideek bidea egiten diotenean legeari, Kongresuko Mahaiak zuzenketak aurkezteko lehen epea irekiko du. Bai Talde Sozialistak bai bere aliatuek eskatu dute urgentziazko bidetik izapidetzea, eta horrek epe guztiak erdira murriztuko ditu.

Ondoren, izapidea Senatuan bozkatuko da; bertan, PPk gehiengo osoa du eta Konstituzioak ezartzen duen bi hilabeteko mugaraino luzatuko ditu epeak. Hortik Behe Ganberara itzuliko da behin betiko onartzeko eta indarrean jartzeko, udaberrian ziurrenik.