Politika
Hezkuntza Legea
EITB MEDIA
EH Bilduren zuzendaritza politikoak bere oinarriei proposatu die ezezko botoa ematea. Horri erantzunez, Anduezak nabarmendu du "jaso dezakegun berririk onenetakoa dela" koalizio abertzalearen ezezkoa, "kasu horretan legean zentratuko direlako, obsesio independentistetan oinarritu beharrean".
Hezkuntza Legearen eztabaidarako bilera. Argazkia: EH Bildu.
Bilkideek gaurko 19:00ak arte dute Hezkuntza Legearen proposamenari botoa emateko aukera. Dena den, atzo jakin zen EH Bilduren zuzendaritza politikoak bere oinarriei proposatu diela, joan den ostiralean iragarri zuen bezala, Eusko Jaurlaritza zuzentzen duten bi alderdiek babesten duten proposamenari ezezko botoa ematea.
Prentsa ohar batean, EH Bilduk azaldu du uste duela legea tramitatu bitartean Hezkuntza Itunean gehiengo zabal batek adostutako oinarrizko printzipioak alde batera utzi direla.
Iragan astean, EAEko Hezkuntza Lege proiektuari buruzko lantaldearen bilera amaitu berritan, EH Bilduk salatu zuen EAJk PSE-EEren "marra gorria" onartu duela legearen hitzaurrean hizkuntza ereduak mantenduta, eta trukean, PSE-EEk argi berdea eman diola eskola publikoa eta ikastetxe kontzertatuak parekatzeari.
EH Bilduren zuzendaritzak bilkideei egindako proposamenari erantzunez, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak nabarmendu du "jaso dezakegun berririk onenetakoa dela" koalizio abertzalearen ezezkoa, "kasu horretan legean zentratuko garelako, obsesio independentistetan oinarritu beharrean".
Bestalde, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek duela egun batzuk adierazi zuen ñabardura batek ezin duela legearen onarpena eragotzi. "Ituna posible izango denaren itxaropena daukat, arduraz jokatzen badugu behintzat. Esaldi bateko ñabardura bat ezin da 101 artikulu dituen eta 30 urterako taxutu dugun lege baten onarpenean oztopo izan", esan zuen.
EAJk, bere aldetik, uste du "eskuzabaltasunez" jokatu dutela. "Lege oso on bat da Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldearen lanaren ondoren geratzen dena", nabarmendu du alderdi jeltzaleak. "Helburua beti izan da legea hobetu ahal den neurrian eta akordioak lortzea", jeltzaleek ohar labur batean azaldu dutenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa