14:07

Politika

Hezkuntza Legea

EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak mantenduko dituzte Hezkuntza Legean

Agentziak | EITB Media

Gaiaren inguruko adostasun barik amaitu da Hezkuntzaren lantaldearen bilera. EH Bilduk azken proposamen bat, "gutxieneko zoru bat", helarazi die Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiei, jarrerak hurbiltzeko. Elkarrekin Podemosek, bestalde, legearen tramitazioa etetea eskatu du.

  • Lantaldearen bilera, gaur goizean.

    Lantaldearen bilera, gaur goizean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Akordiorik gabe. Horrela bukatu da gaur EAEko Hezkuntza lege proiektua lantzeko bilera. Lege proposamena aztertzeko prozesua azken txanpan sartu da, taldeek araudiaren hitzaurrea eztabaidatu ostean. Hitzaurre horrek sortu zuen, hain justu, taldeen arteko enegarren desadostasuna, EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduei eusteko aipamena gaineratu baitzuten, EH Bildu kontra zela. 

Bilera laburra izan da, eta taldeek euren jarrerei eutsi diete. EH Bilduk azken proposamen bat helarazi die Jaurlaritza osatzen duten taldeei, eta horien erantzunaren zain dago. EAJk esan du aztertuko duela, baina iturri sozialistek aurreratu dute ez dutela hizkuntza ereduak aipatuko ez dituen testurik onartuko. Gauzak horrela, azken orduko aldaketarik ezean, datorren azaroaren 27an onartuko dute txostena, Legebiltzarreko iturriek zehaztu dutenez.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan honi buruz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du oraindik badagoela denbora akordio batera iristeko: 

EH Bilduk, baina, "itxura txarra" hartu dio aferari, nahiz eta ez duen oraingoz amore eman nahi, adierazi du Ikoitz Arrese koalizio abertzalearen bozeramaileak. 

Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategik gogora ekarri du zein den bere alderdiaren jarrera, lege horren aurrean, eta tramitazioa geldiaraztea eskatu du, "% 90eko adostasunarekin jaio zen proiektu baten inguruan sortutako krisia berriz bideratzeko". 

"Ezusterik ez badago, % 54k soilik babestuko du legea. Nahikoa da horrekin legea onartzeko, baina ez datozen belaunaldien hezkuntzaz erabakitzeko. Jaurlaritzak era deigarrian egin du porrot. Legeak ertz erdoildu asko ditu, eta gelditu beharra dugu horiek argitzeko", gaineratu du.

Lantaldeak azken txosten bat taxutu behar du, eta hori izango du oinarri etorkizuneko Hezkuntza Legeak. Astelehenean, hilaren 27an, testu horri bide emango diote  zerbitzu juridikoek, eta asteazkenean, Hezkuntza Batzordean onartuko dute. Behin betiko oniritzia abenduaren 21ean jasoko du legeak, Legebiltzarreko osoko bilkuran.

Doakotasuna eta segregazioaren aurkako neurriak

Azken asteotako eztabaida hizkuntza ereduetan ardaztu bada ere, 1993tik indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatu duen legea haratago doa, eta Hezkuntza Zerbitzua eratuko du, zeinak ikastetxe publikoak eta itunpekoak hartzen dituen aintzat. Gainera, diru publikoarekin finantzatutako zentro guztiak doakoak izatea proposatzen du, eta ikasle zaurgarrienen segregazioaren aurkako mekanismoak aurreikusten ditu. 

Legeak, baina, gehiago ditu kontra alde baino, sindikatu nagusien eta sare publikoko familien gaitzespena ere jaso baitu. Besteak beste, eskola publikoari zentralitaterik ematen ez diola kritikatu dute horiek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena