Politika
PSOE-SUMAR GOBERNUA
EITB MEDIA
Ekitaldi formalaren ostean, aurreko ministroek eta berriek kargua aldatzeko ekitaldiak egingo dituzte. Elma Saiz nafarrak, Gizarte Segurantzako ministro berriak, esaterako, Jose Luis Escrivaren eskutik jasoko du lekukoa, Ministerioaren egoitzan.
Gobernu berriaren osaera iragarri ostean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak izendatutako ministroek karguaren promesa egin dute Felipe VI.a erregearen aurrean. Ondoren, aurreko ministroek eta berriek kargua aldatzeko ekitaldiak egingo dituzte ministerio bakoitzean.
Protokolak agintzen duen ekitaldia Zarzuelan egin dute, 09:30etik hasita.
Felix Bolaños Justizia ministroa izan da lehena, arlo horretako arduradunari baitagokio errege notario nagusi gisa aritzea gainerako ministroek karguaren promesa egiten dutenean.
Ondoren, lau presidenteordeen txanda izan da, eta ostean heldu dira ministerioen arduradunen kargu hartzeak. Departamentu bakoitzaren antzinatasuna izan dute irizipide falta ziren ministroen promesarako. Horregatik, Sira Riego izan da azkena.
Duela lau urte gertatu zen bezala, Bibliari eta gurutzeari uko egin diote guztiek, eta gehienek hizkuntza inklusiboa erabili dute "ministros eta ministras" aipatuta.
Elma Saiz nafarrak, Gizarte Segurantzako ministro berriak, Jose Luis Escriva orain arteko ministroaren eskutik jaso du zorroa, modu sinbolikoan, 12:30ean hasi den ekitaldian.
Hona hemen Pedro Sanchezen Gobernu berriko 22 ministroen zerrenda
Lehen presidenteordea eta Ekonomia Gaietarako ministroa: Nadia Calviño. Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) presidentetzarako hautagai da, eta ebazpena noiz emango zain dago.
Bigarren presidenteordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa: Yolanda Diaz. Sumarreko burua Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta Pedro Sanchez buru duen koalizio-gobernu berriko presidenteorde izango da.
Hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa: Teresa Ribera. Abokatu sozialista presidentearen konfiantzazko pertsona da, eta 2018tik zuzentzen duen sailean jarraituko du ondorengo lau urteetan ere. Bere lorpen nabarmenetako bat 2019an Madrilen egin zen COP25 goi bilera izan zen.
Laugarren presidenteordea eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa: Maria Jesus Montero. Sozialista andaluziarrak Sanchezen Gobernuko zutabeetako bat izaten jarraituko du.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa: Angel Víctor Torres. Funtsezko tokia izango du legegintzaldi honetan, talde independentistekin negoziatzeko ardura izango baitu. Orain arte Isabel Rodriguezen esku zegoen Lurralde Politika eta Felix Bolañosen esku Memoria Demokratikoa.
Barne ministroa: Fernando Grande-Marlaska. Magistratuak presidentearen konfiantza izaten jarraitzen du, eta beste lau urtez izango da Exekutiboan. Pisu handieneko ministerioetako bat zuzentzen jarraituko du.
Justizia ministroa eta Presidentetza: Felix Bolaños Pedro Sanchezen taldearen oinarrietako bat izango da lau urte gehiagoan, eta, gainera, boterea handituko du. Lehendakaritzako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa izango da, orain arte bezala, baina, horrez gain, Justiziaren ardura ere hartuko du. Funtsezkoa izango da amnistiaren legeak hizpidea emango duen legegintzaldi honetan.
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol ministroa: Pilar Alegria. Gaur egungo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak orain arte Kultura Ministerioaren barruan zegoen Kirol Saila bereganatuko du.
Berdintasun ministroa: Ana Redondo. Ministro berria Zuzenbidean doktorea da Valladolideko Unibertsitatean, eta PSOEko diputatua izan da Gaztela eta Leongo Gorteetan, eta zinegotzia Valladolideko Udalean. Irene Montero ordezkatuko du.
Kanpo Arazoetako, EBko eta Lankidetzako ministroa: Jose Manuel Albares. Sanchezen konfiantzazko gizona da eta kargua errepikatuko du.
Defentsa ministroa: Margarita Robles. Karguan jarraituko du Roblesek.
Haur eta Gazteria ministroa: Sira Rigo. Ministerio hori Gizarte Eskubideetakotik kanpo geratuko da, eta Sumarrek zuzenduko dituen bost ministerioetako bat izango da, Lana eta Gizarte Ekonomia (Yolanda Díaz), Kultura (Ernest Urtasun), Osasuna (Monica Garcia) eta Eskubide Sozialak eta Kontsumoa (Pablo Bustinduy) ministerioekin batera.
Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroa: Isabel Rodriguez. Rodriguezek Gobernuaren bozeramaile izateari utziko dio, eta Lurralde Politikako Saila ere utziko du, Etxebizitza eta Hiri Agendako funtzio berriak bere gain hartzeko.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa: Luis Planas. Politikari sozialistak Sanchezen konfiantzari eusten dio, eta oraingoan ere lehorteak eta prezioen gorakadak gogor kolpatutako sektorearentzat irtenbideak bilatzen jarraitzea egokituko zaio.
Industria ministroa: Jordi Hereu. PSCko buruzagien artean tradizio handiko zorroa hartuko du bere gain. Hereuk Hector Gomez kanariarra ordezkatuko du karguan.
Kultura ministroa: Ernest Urtasun. Koalizioaren aro berri honetako Kultura Ministerioa bere gain hartuko du. Miquel Icetaren esku egon da arlo hau orain arte.
Osasun ministroa: Monica Garcia. Mas Madrideko liderra anestesiologoa da lanbidez, eta "marea zuria" deituriko mugimenduko aktibista gisa nabarmendu zen. Jose Miñones ordezkatuko du.
Eraldaketa Digitaleko ministroa: Jose Luis Escriva. Escrivak Gizarte Segurantza utzi, eta orain arte Nadia Calviñoren lehen lehendakariordetzan eta Ekonomia Gaietarako Ministerioan sartuta zegoen zorroa hartuko du bere gain.
Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroa: Elma Saiz. Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, eta Maria Chivite sozialista buru duen foru erkidegoko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria zen. Ministro berriak Migrazio Politikak ere eramango ditu. Orain arte Escrivaren Ministerioa izandakoa hartuko du beraz Saizek.
Zientzia eta Unibertsitate ministroa: Diana Morant. Zientzia eta Berrikuntza Sailaren buru izaten jarraituko du, eta horrek, gainera, unibertsitateen funtzioak hartuko ditu bere gain, Joan Subirats ordezkatuz.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa: Oscar Puente. Valladolideko alkate ohiak azpiegitura garrantzitsuak (trenbideetakoak barne) eta mugikortasun iraunkorra dituen zorroa hartuko du bere gain, Raquel Sanchez ordezkatuz.
Gizate Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa: Pablo Bustinduy. Podemoseko buruzagi ohia arduratuko da orain arte Ione Belarrak zuzentzen zuen karguaz. Bere kabineteak Kontsumoko eskumenak bereganatzen ditu hala, aurreko legegintzaldian Alberto Garzon buru zuen ministerio propioa osatzen zutenak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa