10:48

Politika

Hezkuntza Legea

Hezkuntza Legea: akordio historiko batetik abiatutako bide malkartsua

I. R. | EITB MEDIA

Gaur legearen hitzaurrea eztabaidatu dute lantaldean, eta litekeena da EAJ-PSEren babesarekin bakarrik jarraitzea aurrera. Arauak babes zabalarekin ekin zion bideari, baina gerora sortutako desadostasunek EH Bildu eta Elkarrekin Podemos akordiotik aldentzea eragin dute.

  • Hezkuntza Legea Legebiltzarreko gehiengo zabalarekin osatutako itun-politikotik abiatu zen.

    Hezkuntza Legea Legebiltzarreko gehiengo zabalarekin osatutako itun-politikotik abiatu zen.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Askotariko adostasunek eta desadostasunek markatutako prozesu luze baten ondoren, Hezkuntzaren Lege berriak azken faseari ekingo dio, aurreikuspenen arabera. Azkenengo zuzenketak eztabaidatu dituzte astearte honetan Eusko Legebiltzarrean, ados jarri eta legearen behin betiko testua ixteko asmoz. Hala ere, egoera gorabeheratsua da, EH Bilduk kontrako botoa emango duela iragarri baitzuen atzo. Alderdi horren oposizioarekin, beraz, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin soilik egingo du aurrera legeak.

Bidean sortutako desadostasunen artean, hizkuntza-ereduei buruzkoa nabarmendu da azken hilabeteotan; EAJk eta PSE-EEk azken orduko akordioa lortu zuten etorkizuneko Hezkuntza Legean hizkuntza-ereduak sartzeko, eta horrek EH Bilduren gaitzespena eragin du.

Zein izan da Hezkuntza Lege berriak jarraitu duen ibilbidea?

2022ko martxoaren 18a: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordio "historikoa" itxi zuten Hezkuntza Legeari buruz, segregazioari amaiera emateko, laikotasunaren alde egiteko eta euskara ardatz gisa jartzeko. PP+Cs eta Vox itun politiko horretatik aldendu ziren.

2022ko apirilaren 7a: Eusko Legebiltzarrak etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak onartu zituen, hezkuntza-ituna sinatu zuten taldeen aldeko botoei esker.

2022ko ekainaren 15a: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ohartarazi zuten Hezkuntza Sailaren zenbait erabakik itunean jasotako konpromiso batzuk urra zitzaketela. Lau alderdi sinatzaileek bilera egin zuten horri buruzko zalantzak argitzeko eta elkarrekiko "konfiantza" berrezartzeko.

2022ko irailaren 14a: Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko Hezkuntza Legearen zirriborroa osatu zuen, eta hilabeteko epea ireki herritarrek ekarpenak egin ahal izateko. Zirriborroa publiko egin ondoren, Elkarrekin Podemos-IU kritiko agertu zen testuarekin, eta salatu zuen ez zirela itunak betetzen ari, hezkuntza publikoaren defentsari dagokionez. Steilas eta ELA sindikatuak eta Euskalgintzaren Kontseilua ere proposamenaren aurka agertu ziren, ekarpenak jaso ez zirela uste baitzuten.

2022ko irailaren 15a: PP+Cs legebiltzar taldeak deitoratu zuen Hezkuntza Legearen aurreproiektua "hutsik" zegoela, eta salatu zuen ez ziola konponbiderik ematen "arazo nagusiari: kalitateari".

2022ko irailaren 19a: Steilas sindikatuak ikasturte gatazkatsua iragarri zuen, aurreproiektuaren testua aldatu ezean; izan ere, bere ustez, proposatutako arauak "ikastetxe pribatuen biziraupena" bilatzen zuen, eta ez zuela euskara erdigunean jartzen. Bestalde, Ikastolen Elkarteak bere etsipena erakutsi zuen zirriborroarekin, "ez duelako euskal hezkuntza-sistema propioa lortzeko urrats sendorik ematen".

2022ko irailaren 26a: EH Bilduk azpimarratu zuen hezkuntza-komunitateak parte aktiboa izan behar zuela Hezkuntza Lege berriaren eztabaidan, "hezkuntza-sistema propio baterako trantsizioari" ekiteko.

2022ko urriaren 10a: Kontseiluak eta hezkuntza-komunitateko zazpi eragilek proposamen bateratua aurkeztu zuten. Besteak beste, hizkuntza-eredu "orokor eta inklusibo" baten alde egin zuten, "belaunaldi berriak euskaldunak eta eleanitzak izan daitezen, justiziaren, berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren bidean".

2022ko urriaren 14a: Hezkuntza Sailak 35 gizarte-eragileren proposamenak jaso zituen Hezkuntza Lege berrirako.

2022ko azaroaren 5a: Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea euskal eskola publikoaren aldeko plataformak manifestazioa egin zuen Bilbon, lege berriak aurreikusten dituen sare pribatuaren "aldeko neurriak" salatzeko.

2022ko azaroaren 17a: Hezkuntza-ituna kolokan egon zen, Eusko Jaurlaritzak PP+Cs alderdiari ikastetxe pribatuetan bi urteko gelak hitzartzeko eskaintza egin ondoren. Eskaintza horrek mesfidantza sortu zuen sinatzaileen artean, eta Elkarrekin Podemos-IUk "ituna haustea" leporatu zion Jaurlaritzari.

2022ko azaroaren 30a eta abenduaren 13a: ELAk, LABek eta Steilasek, irakaskuntza publikoan gehiengoa duten sindikatuek, lege-aurreproiektua errefusatu eta bi greba-egun egin zituzten.

2022ko abenduaren 10a: Durangon (Bizkaia), euskal kulturari lotutako 17 kolektibo eta sortzaile kezkatuta agertu ziren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren edukiarekin; izan ere, haien iritziz, legeak ez du bermatzen euskal kulturaren ezagutza eta transmisioa.

2023ko apirilaren 10a: Elkarrekin Podemos-IUk salatu zuen Eusko Jaurlaritza hezkuntza-ituna "urratzen" ari zela, eta, akordioarekin "konprometituta" agertu arren, une horretan araua babestearen alde ez zeudela iragarri zuten.

2023ko apirilaren 25a: Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen proiektua onartu zuen. PSE-EEk kritikatu zuen testuak ez ziela erantzuten ezarritako helburu guztiei, eta EH Bilduk begi onez ikusi zituen testuak lehen zirriborroarekin alderatuta izan zituen aldaketak. Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs-ek osoko zuzenketak iragarri zituzten; ezkerreko koalizioak esan zuen proiektuak "kontzertazio unibertsala blindatzen" zuela eta "segregazioa amaitzeko konpromisoa falta" zaiola, eta popularrek salatu zuten proiektuak "euskara inposatzen" zuela.

2023ko maiatzaren 5a: Ikastolen Elkarteak adierazi zuen lege-proiektua "baliozkoa eta aurrerapauso handia" zela, baina testuan zehaztasun falta zegoela kritikatu zuen.

2023ko urriaren 3a: EH Bilduk 146 zuzenketa partzial aurkeztuko zituela iragarri zuen, lege-proiektua "hobetzeko".

2023ko urriaren 4a: EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bateratua iragarri zuten egungo hizkuntza-ereduak aldatzeko eta euskara eta gaztelania komunikazio-hizkuntza izateko. Zuzenketa partzial horrek ezinegona sortu zuen EH Bildurengan.

2023ko urriaren 19an: EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk osoko zuzenketak erretiratu zituzten eta talde guztiek aurkeztutako 300 zuzenketa partzial inguru eztabaidatzeko bideari hasiera eman. Eztabaidan hizkuntza ereduek hartu zuten protagonismoa, eta EH Bilduk iragarri zuen ez zuela legea "edonola" babestuko.

2023ko azaroaren 17a: EAJk eta PSE-EEk proposatutako hizkuntza-ereduen inguruko zehaztapenak eskatu zituen EH Bilduk, eta ohartarazi zuen, testuari "argitasunik" ematen ez bazaio, azken emaitza lege "anbiguoa" izango dela, "zehaztugabetasunez betea horrekin interpretazio kontrajarriak egiteko aukera ematen duena". Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ohartarazi zuen hori "gainditutako eztabaida" dela.

2023ko azaroaren 20a: Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan zuen EH Bilduk Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko duela, "gauzak aldatzen ez badira", hizkuntza-ereduei dagokienez. Bestalde, Jokin Bildarratzek azaldu zuen ez lukeela porrot pertsonaltzat hartuko legea Eusko Jaurlaritzako bazkideek bakarrik onartzea (EAJ eta PSE-EE).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena