13:59

Politika

MOBILIZAZIOA

Milaka lagun bildu ditu EH Bilduk Bilbon, euskal nazioa aldarrikatzeko

AGENTZIAK | eitb media

"Dekantazio estrategikokoaren fasean" gaudela adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Palestinako FPLP, Frente Polisarioa, KNK kurdua, Sinn Fein, ERC, CUP, BNG, Mes Per Menorca, Andecha Astur eta Compromis ere parte hartu dute.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka lagunek, 30.000 EH Bilduren arabera, bat egin dute Bilbon, EH Bilduk Euskal Herriaren nazio izaera aitor dadila eskatzeko deitu duen mobilizazio erraldoian, Autonomia kalea betez.

'Nazioa gara' lelopean, Casilla plazatik abiatu da manifestazioa, 17:30ean. Ikurriñak eta Nafarroako banderaz gain, Palestinako ikur ugari ikusi dira. Euskal Herria nazio solidarioa dela, eta munduan dauden herri zapalduen borrokak ere defendatzen dituela aldarrikatu dute.

Pankartan joan dira Ainize Gastaka (Laudioko alkatea), Joseba Asiron, Nerea Kortajarena, Laura Aznal, Pello Otxandiano, Mertxe Aizpurua, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Gorka Elejabarrieta, Nadia Nemeh (Bermeoko alkatea), Pernando Barrena, Rocio Vitero eta Iker Casanova.

Mobilizazioan parte hartu dute FPLP palestinarrak, Frente Polisarioak, KNK kurduak, Sinn Feinek, ERCk, CUPek, BNGk, Mes Per Menorcak, Andecha Asturrek eta Compromisek ere.

EH Bilduk Bilboko Autonomia kalea lepo bete du euskal nazioa aldarrikatzeko eta "Txoria txori" kantatu dute, mobilizazioa Zabalburun amaitu aurretik. Han, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak hartu du hitza: "EH Bildu Euskal Herria zaintzen eta babesten duen indar politikoa da", esan du "Euskal Herri osorako proiektu bat antolatzen eta defendatzen duen indar politikoa gara. Batzen duen ezkerra gara. Batzen gaituena guztiaren gainetik jarriz antolatzea erabaki dugunok gara. Lehenengo aberria eta gero alderdia. Horrek guztiak lehen indar politikoa izatera eraman gaitu. Ezin da ulertu Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna EH Bildu gabe", gaineratuz.

Arnaldo Otegi bere hitzartzearen une batean. Argazkia: EFE

Arnaldo Otegi bere hitzartzearen une batean. Argazkia: EFE

Laster, azaroaren 20an, beteko da Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrena eta horiek gogoan izan ditu EH Bilduko koordinatzaileak: "Euskal Herria memoria antifaxista duen herria da, duintasun militantea duen herria", esan du. "Euskal Herria etorkizuneko leihoak parez pare irekita dituen herria da. Aste honetan, Madrilen, herritarren agindu demokratikoa bete dugu. Erregimenaren nerbioa ukitzen ari gara. Monarkian, zigorgabetasunean, nazio bakar eta zatiezinean eta elite ekonomikoarentzako pribilegioetan oinarritzen den Erregimenaren nerbioa ukitzen ari gara. Eta horren aurrean Erregimena defendatzen dutenen oldarraldia ikusten ari gara. Santi eta Josu hil zituzten berberak dira", hausnartu du.

"Dekantazio estrategikokoaren fasean" gaudela adierazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. "Denbora hau aukera bat bezala ikusten dugu. Estatuan nazio aniztasunaren eztabaidari heldu beharko zaio. Baina plurinazionaltasuna termino ekonomiko eta sozialetan ere ulertzen dugu. Maila bat igo behar da. Bidean jarraitzeko baldintza hobeak eraikitzeko prest gaude. Eta bide hori denok batera egin behar dugu".

Arnaldo Otegik gaur goizean iragarri du EH Bilduren koordinatzaile izateko aurkeztuko duela bere burua koalizio subiranistaren hurrengo Kongresuan. Halaber, azaldu duenez, "ez dago erabakita" nor izango den datorren urteko hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena