15:15

Politika

ESPAINIA

Erretiratutako militar talde batek Pedro Sanchez kargutik kentzeko eskatu die Espainiako indar armatuei

EITB Media

Sinatzaileek Espainiako Konstituzioaren 8.1 artikulua aipatu dute armadari egindako eskaria justfikatzeko.

  • Espainiako Armada Hispanitatearen Egunean. Artxiboko argazkia: Cristina Cifuentes (Flickr)

    Espainiako Armada Hispanitatearen Egunean. Artxiboko argazkia: Cristina Cifuentes (Flickr)

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente karguaren promesa egin duen egun berean, erretiratutako militar talde batek gobernuburua kargutik kentzeko eta hauteskunde orokorrak deitzeko eskatu dio armadari, Espainian justiziarik, berdintasunik eta demokraziarik ez dagoela iritzita.

Espainiako militarren elkartearen webgunean argitaratu dute aipaturiko manifestua, hain zuzen ere, Sanchezek kargua hartu eta gero.

Sinatzaileek Espainiako Konstituzioaren 8.1 artikulua aipatu dute armadari egindako eskaria justfikatzeko, "ordenamendu konstituzionala defendatzeko" eginkizuna aitortzen zaiolako. 

Bestalde, Auzitegi Konstituzionalaren neutraltasuna ezbaian jarri dute, Espainiako Gobernuan "kargu politiko garrantzitsuak" izan dituzten magistratuek osatzen dutelako "hein handi batean".

Aireko Estatu Nagusiko buruak gogorarazi die bere agindupean dauden langile guztiei "neutraltasun politiko zorrotza" behar dutela militarrek, eta debekatuta dagoela manifestazio politikoetan parte hartzea, eta inola ere ez uniformea jantzita.

Komunikazio batean azpimarratu du Indar Armatuetako kideen eskubide eta betebeharrei buruzko legeak arautzen duela militar orok neutraltasun-betebehar hori duela alderdi politikoen jardunari dagokionez. Eta printzipio hori urratzea larritzat edo oso larritzat har daiteke Indar Armatuen Diziplina Araubidean.

Bestalde, Iñigo Errejon Sumarreko diputatuak neurri "sendoak eta eredugarriak" eskatu ditu manifestua kaleratu duten militar erretiratuen taldearen aurka. "Kolpearen aukerarekin jokatzeaz aski da", esan du 'X' sare sozialaren bidez, eta jarrera hori "ezin dela pasatzen utzi" nabarmendu du, "urrats bakoitzak hurrengoa prestatzea eta normalizatzea bilatzen baitu".

Aina Vidal Sumarreko bozeramaile eta En Comu Podemeko buruzagiak adierazi duenez, testuak kezkatzen du, "militarrak ez ezik, auzitegiak, gotzainak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ere azaldu direlako".

Enrique Santiago IUko bozeramaileak sare sozial berean ohartarazi duenez, "balizko adierazpen militar baten erantzukizuna eskuin politikoarena da, eta hark eraikitzen du kolpista izateko hautagai horientzako argudio-sorta", "legearen aurreko ustezko desberdintasuna, Espainiaren batasunaren haustura eta justiziaren aurkako ustezko erasoak", besteak beste.

Javier Sanchez Serna Podemoseko bozeramaile eta Kongresuko diputatuak ironiaz esan du Estatuak "kuartelak demokraziaz gainezka" dituela.

2020ko maiatzean, 271 militar ohik "demokrazia galeraz" eta "pentsamendu bakarraren inposaketaz" ohartarazi zuten manifestu batean. Era berean, "Espainiaren batasuna arriskuan" dagoela uste zuten sinatzaileek.

Orduan, Emilio Perez Alaman teniente jeneralak, Jose Maria Treviño almiranteak eta Juan Antonio Alvarez Jimenez teniente jeneralak sinatu zuten agiria, baita beste hainbat jeneral, ofizial, legionario eta soldaduk ere.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena