Politika
DIPUTATUEN KONGRESUA
Amnistia legea premiaz tramitatzeko eskaria erregistratu dute Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGk
EITB Media
Pedro Sanchezen inbestidura babestu duten alderdi guztiek, Coalicion Canariak salbu, egin diote eskaria Diputatuen Kongresuko Mahaiari.
-
PSOEk erregistratutako amnistia legea
PSOErekin batera Pedro Sanchez hirugarrenez Espainiako Gobernuko presidente izendatzea babestu duten alderdi guztiek, Coalicion Canariak izan ezik, amnistia legea premiaz tramitatzeko eskaria erregistratu dute Diputatuen Kongresuan
Zehazki, hauek dira Diputatuen Kongresuko Mahaiari eskaria egin dioten alderdiak: Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNG.
Hain zuzen ere, iragan astelehenean erregistratu zuen PSOEk amnistiaren legea Diputatuen Kongresuan, bakarrik, inbestidurako bazkideen sinadurarik gabe.
Kataluniako prozesuan parte hartu zutenak amnistiatzeko lege-proposamenak 11 urte hartzen ditu, 2012ko urtarrilaren 1etik (2014ko azaroaren 9ko kontsulta, 2017ko urriaren 1eko legez kanpoko erreferenduma eta 2019ko epaiaren osteko istiluak barne) 2023ko azaroaren 13ra arte.
PSOEk aurkeztutako testuak honako delitu hauen amnistia proposatzen du: funtzio publikoak usurpatzea, bidegabe erabiltzea, desobedientzia, desordena publikoak eta prebarikazioa, Parlamentuko iturriek adierazi dutenez.