Politika
Amnistia
Agentziak | EITB Media
Didier Reynders Europako Justizia komisarioak baieztatu duenez, atzo jaso zuten testua. Behin hura aztertuta, Bolaños ministroarekin bilduko dira. Halaber, argi utzi nahi izan du duela astebete informazioa eskatu zuenean ez zegoela "kezkatuta".
Reynders, Bolaños ministroarekin egindako aurreko bilera batean. EITB Media
Espainiako Gobernuak prestatutako amnistia legearen testua heldu da Bruselara, eta, hala, horren inguruan mintzatzeko prest azaldu da Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioa. Bilera "ahal bezain laster" egingo dutela nabarmendu du, baina ez dio datarik jarri. Izan ere, atzo jaso zuten lege proposamenaren idatzia, eta horren azterketa juridikoa egiten hasi dira.
Kontseiluaren gai orokorretarako bilerara heltzean, kazetariei erantzun die Belgikako komisarioak. Azaldu duenez, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak eskatuko bilera "testua juridikoki oso ondo aztertu" ostean egingo dute.
Bestalde, joan den astean Espainiako Gobernuari informazioa eskatu ziola eta, argi utzi nahi izan du ez zela "kezkatuta" agertu. "Ez dut inongo kezkarik adierazi, testua jasotzea baino ez dut eskatu. Aztertu ondoren, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko ditugu", azaldu du.
Reyndersi ez ezik, Espainiako Gobernuak Vera Jourova Zuzenbide Estatuko presidenteorde komunitarioari ere bidali dio legearen testua. Biei bilera eskatu zien Bolañosek, amnistia legearen inguruan zer ikuspuntu duten azaltzeko.
Bilera horren aurretik, amnistia legearen inguruko iritzia plazaratzeko aukera izango du Europako gobernuak. Izan ere, astearte edo asteazkenerako (oraindik ez dute eguna zehaztu) eztabaida dago aurreikusita Europako Parlamentuan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa