14:17

Politika

PP-ren proposamena

Senatuaren araudiaren erreforma onartu dute, amnistiaren legearen tramitazioa atzeratzeko asmoarekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

PPk proposatu du erreforma. Horren helburua da Senatuari —gehiengo osoa dute popularrek— ahalmena ematea lege proposamenak (besteak beste, amnistiaren legea) premiazko prozeduraz izapidetuko diren ala ez erabakitzeko.

  • Senatuan egindako saio baten artxiboko irudia

    Senatuan egindako saio baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Senatuaren Araudi Batzordeak bart eman zion oniritzia amnistiaren legearen tramitazioa bi hilabetez luzatzeko PPk agindutako erreformari, eta gaurko saioan onartu dute behin betiko. Gainera, PPk atal berri bat gehitu dio erreformari, zeinaren bidez ministroek agerraldiak egin beharko dituzten, talde parlamentarioek hala eskatzen dietenean.

Alberto Nuñez Feijooren alderdiak erabaki zuen araudiaren erreformaren tramitazioa ahal bezainbeste bizkortzea, amnistiaren legea Kongresutik atera baino lehenago erreforma prest izateko.

Hain zuzen ere, PPk helburu du Senatuari —gehiengo osoa dute popularrek— ahalmena ematea lege proposamenak (besteak beste, amnistiaren legea) premiazko prozeduraz izapidetuko diren ala ez erabakitzeko.

Gutxienez, bi hilabeteko atzerapena

Erreforma proposatzeko arrazoien artean, PPk azaldu du Konstituzioaren 90. artikuluak arautzen duela Kongresuak onartutako lege proiektuak Senatuan tramitatzea. Zehazki, hogei egun naturaleko epea du Senatuak, Gobernuak edo Kongresuak premiazkotzat jotzen dituen proiektuei betoa jarri edo zuzenketak egiteko.

Halaber, Konstituzioaren artikulu horretan jasotzen da Kongresutik iritsitako lege proiektuak, amnistiaren legea kasu, gehienez bi hilabetez egon daitezkeela Senatuan, ohiko prozeduraz izapidetzen baldin badira.

Atal berri bat

Esan bezala, Senatuaren Araudiaren erreformaz baliatu da PP, atal berri bat eransteko. Horrela, Parlamentuko taldeek eskatzen duten bakoitzean, Gobernuko presidenteak edota ministroek agerraldia egin beharko dute Senatuan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena