14:34

Politika

MANIFESTAZIOAK

PPk eskuina mobilizatu du Espainiako Estatu osoan amnistia legearen aurka

EITB MEDIA

Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egin dituzte protesta ekitaldiak, eta Iruñean oso jendetsua izan da. Madrilen, erdigune osoa hartu du manifestazioak, eta protesta egiten jarraituko dutela hitzeman dute.

0:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka pertsona atera dira gaur eguerdian kalera Espainiako Estatu osoko hiriburuetan, PPk deituta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak independentista kataluniarrekin egindako itunen aurka, tartean akordio horiek aurreikusten duten amnistia legea salatzeko.

Euskadiko PPk ehunka pertsona bildu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, istilurik gabe egin diren ekitaldietan, eta Estatu osorako manifestu bera irakurri dute. Testuan, Konstituzioa babestu, eta, "espainiarren askatasuna eta berdintasuna saltzen ari direnen aurrean", "irmo eta lasai" erreakzionatzeko deia egin dute.

Gasteizen, 500 pertsona inguru bildu dira Posta plazan. "Espainiarren berdintasunaren alde" pankartaren atzean jarri dira PPko buruzagiak; Javier de Andres EAEko PPko presidentea eta Iñaki Oyarzabal Arabako popularren presidentea, besteak beste.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea elkarretaratzean izan da, baina albo batean jarri da, hirugarren lerroan.

Miguel Angel Idigoras TVEko kazetariak irakurri du manifestua.

Gasteizko elkarretaratzea. EFE.

Gasteizko elkarretaratzea. EFE.

Espainiako banderak ugari ikusi dira, bai eta pankarta txiki bat ere, Unamunoren esaldi bat zuena ("Euskaldunak, euskaldun garen heinean, bi aldiz espainiar gara"), eta Konstituzioa eta Espainia goratu dituzte.

Apenas izan den oihu bakanen bat, "Ez amnistiarik, ez barkamenik, Puigdemont espetxera", esaterako, eta manifestua irakurri ondoren, bilkura desegin dute.

Bilbon ere, ehunka lagun bildu dira Moyua plazan, eta Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidenteak irakurri du manifestua.

Besteak beste, Esther Martinez idazkari nagusia eta Carlos Iturgaiz Eusko Legebiltzarreko Talde Popularreko presidentea izan dira bertan.

Ekitaldia "Resistiré" Duo Dinamico bikotearen abesti ezagunarekin girotu dute, Espainiaren aldeko oihuak izan dira, eta baita "Espainia ez da saltzen, Espainia defendatu egiten da" gisako oihuak ere.

Bilboko bilkura. EFE.

Bilboko bilkura. EFE.

Donostian, ehunka pertsona bildu dira protestan, Pio XII.a plazan, Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean. Ertzaintzaren zaintzapean egon dira.

Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidenteak eta Fernando Savater idazleak irakurri dute manifestua, Espainiako banderak, ikurrinak eta Europako banderak zeramatzaten manifestarien aurrean. 

Bertan izan da Juan de Dios Davila (ETAk 1993an hildako Fidel Dávila teniente koronelaren anaia) ere, 2019ko hauteskunde orokorretan Voxen Gipuzkoako zerrendaburua izan zena, eta alderdi politiko horretako militanteak ere batu dira elkarretaratzera.

Bildutakoek "Gora Espainia" eta "Gora Erregea" oihukatu dute behin baino gehiagotan, eta istilurik izan gabe eman dute amaitutzat protesta.

Nafarroako hiriburuan, manifestari eskuindar eta ultra-eskuindarrek (Voxek ere egin du bat protestarekin) Gaztelu plazaren zati handi bat hartu dute.

Bertan, 6.000 pertsona elkartu dira, Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren arabera, "inpunitatearen aurka borroka" egiteko. Jai-giroan egin nahi izan dute protesta, eta etengabe entzun dira Manolo Escobarren "Que viva España" eta Duo Dinamicoren "Resistiré". Espainiako bandera ugari ikus zitekeen, Europako eta Nafarroakoren batekin batera, eta Espainiaren aldeko eta Puigdemonten eta Sanchezek aurkako oihuak egin dituzte.

Nafarroako PPren burua eta idazkari nagusia, Javier Garcia eta Amelia Salanueva, bertan izan dira, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuekin, Irene Royo parlamentariarekin eta Carmen Alba Iruñeko zinegotziarekin batera. Voxeko ordezkariei dagokienez, Emilio Jimenez parlamentariak parte hartu du elkarretaratzean.

Madrilen, hiriaren erdigunea manifestariz lepo zegoen (80.000 Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera, eta 500.000 PPren esanetan), eta elkarretaratze guztietan bezalaxe, Espainiako banderak eta Sanchezen, amnistiaren eta politikari kataluniarren aurkako kartelak izan dira nagusi.

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak hitza hartu du manifestarien aurrean, eta adierazi du espainiarren gehiengoa "jada" ez dela "isila", eta protesta egingo dutela "hauteskundeak egin arte".

Feijook itxi du elkarretaratzea bere hitzaldiarekin, eta aurreratu du datorren asteko inbestidura saioan Sanchez presidente izendatuz gero, uztailaren 23an "bozkatutakoaren kontrakoa" gertatuko dela.

PPren buruak Sanchez izan du jopuntuan bere hitzaldiaren zati handienean, eta "gezurretan" aritzea ere egotzi dio: "Haren behar pertsonalek arazoak ekarri dizkiete espainiarrei; haren abariziak, moraltasun eza; eta haren berekoikeriak, umilazioa".

Madrilgo manifestazioan, Santiago Abascal Voxen presidenteak "estatu-kolpe bat" zuzentzen aritzea egotzi dio Sanchezi, eta ohartarazi dio bere alderdia "etengabe" mobilizatzen arituko dela.

Cataluña Suma plataformak Bartzelonan deitutako protestan ere, jendetza bildu da "Espainiaren izenean ez. Amnistiari ez" lelopean, eta Sant Jaume plaza manifestariz gainezka egon da.

Bartzelonako manifestazioa. EFE.

Bartzelonako manifestazioa. EFE.

Atxiloketa bat Bilbon

PPren manifestazioen ostean, Voxek elkarretaratzeak deitu ditu hiri guztietan, eta Bilbon pertsona bat atxilotu eta bi identifikatu ditu Ertzaintzak, tentsio uneak izan ostean.

Bilboko elkarretaratzea, Espainiako gainerako lurraldeetan egindakoen antzera, ez zaie aldez aurretik agintariei jakinarazi. Hori dela eta, sozialisten egoitzaren aurrean zegoen Ertzaintzaren segurtasun-dispositiboaren arduradunek horren berri eman diete bildutakoei, Espainiako banderak eta Europar Batasuneko bakanen bat zeramatzaten dozenaka laguni.

Desegiteko bost minutu zituztela adierazi ostean, bertan bildu direnak ez dira bertatik mugitu, eta Puigdemonten, Espainiako Gobernuko presidentearen eta amnistiaren kontra eta Espainiaren batasunaren alde oihuka jarraitu dute. Horren aurrean, agenteek bertan zeuden protestarietako bi identifikatu dituzte. Hirugarren batek errieta egin die orduan, eta agenteei oldartu zaie. Azkenean, eskuburdinak jarri dizkiote, eta ertzain-etxera eraman dute atxilo, izapideak egitera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena