Politika
SANCHEZEN INBESTIDURA
Sanchezen inbestidura saioa azaroaren 15ean eta 16an izatea ari dira aztertzen
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Behin EAJrekin eta Juntsekin akordioak itxita, azaroaren 15ean eta 16an egin liteke inbestidura saioa. Francina Armengol Kongresuko presidenteari dagokio iragarpena egitea.
-
Pedro Sanchez, artxibok irudi batean. Argazkia: EFE
PSOEk EAJrekin eta Juntsekin akordioak izenpetu eta gero, Pedro Sanchez sozialista berriro Espainiako Gobernuko presidente inbestitzeko saioa noiz izango den argitzea falta da orain. Azaroaren 15a eta 16a dira indarra hartzen ari diren datak. Francina Armengol Kongresuko presidenteari dagokio iragarpena egitea, jarduneko Gobernuko buruarekin adostu ondoren.
Orain, PSOEk inbestidura babestuko duten talde guztiei igorriko die amnistiaren lege-proposamena, eta horiek testua ontzat eman ondoren erregistratuko dute, Kongresuko Mahaiak bidera dezan.
Behin pauso horiek emanda egingo da Sanchezen inbestidura saioa, eta lehen bozketan (gehiengo osoa behar du) aukeratuko dute presidente, sozialisten asmoak betez gero.
Konstituzioaren arabera, azaroaren 27a da presidente berria izendatzeko epemuga, Alberto Nuñez-Feijoo popularraren saiakeratik bi hilabetera.