Itxi

Politika

INBESTIDURA

PSOE eta Juntsen arteko akordioak "egonkortasuna" emango dio legegintzaldiari, Santos Cerdanen aburuz

AGENTZIAK | EITB Media

PSOEko Antolakuntza idazkariak zehaztu duenez, Amnistia Legeari buruzko akordioak process delakoarekin lotutako 2012tik 2023ra bitarteko kasuak hartzen ditu.

  • Santos Cerdan, PSOEko antolakuntza idazkaria.

    Santos Cerdan, PSOEko antolakuntza idazkaria.

PSOEk eta Junts per Catalunyak lortu duten akordioa "legealdirako akordioa da, ez inbestidurarako bakarrik", Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari eta Junts per Cantalunyarekin akordioa negoziatzeko arduradunak esan duenez.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: PSOEren eta Juntsen arteko akordioaren gakoak

Cerdanek azaldu duenez, negoziazioetan zehar "legegintzaldiari egonkortasuna emateaz" hitz egin da. Hori dela eta, hurrengo lau urteetan bi aldeen arteko lan-mahaiak osatuko direla argitu du, "hitz egiten eta gaiak adosten" jarraitzeko.

Amnistiaren Legea osatzeko akordioari dagokionez, Cerdanek azaldu du "2012 eta 2023 urteen artean" Kataluniako process-arekin "zuzenean edo zeharka" lotutako pertsona guztiak estaltzen dituen itun batera iritsi direla. Hala ere, azpimarratu du negoziazioan ez dela izen konkreturik aipatu.

Antolakuntza idazkariak ziurtatu du Amnistia Legearen akordioa gainerako alderdiei aurkeztuko dietela, Kongresura eraman aurretik berrikusi eta haren gaineko erabakia har dezaten. Legea "konstituzionala" izango dela ziur dago.

Balizko erreferendum berri bati dagokionez, Cerdanek azaldu du PSOEren jarrera helarazi diotela Junts alderdiari. "Ez dugu ezer egingo Konstituziotik kanpo", azpimarratu du.

Azkenik, Santos Cerdanek "politikatik soilik konpon daitekeen gatazka konpontzeko aukera historikotzat" jo du lortutako akordioa. Une erabakigarrian iritsi dela gaineratu du.