Itxi

Politika

Inbestidura

PSOEren eta Juntsen arteko akordioaren gakoak

EITB MEDIA

Itunak bi ardatz nagusi ditu: defizitaren eta autogobernuaren mugak gainditzea eta Katalunia nazio gisa aitortzea. Horri jarraikiz, azaroan bertan egingo duten lehen bileran Juntsek erreferenduma egiteko aukera jarriko du mahai gainean. PSOEk, berriz, 2006ko Estatutuaren garapena aldeztuko du.

Soka luzea ekarri duten negoziazio nahasien ondotik, Pedro Sanchezen inbestidurari bide emango dion akordioa egin dute PSOEk eta Juntsek. Horrekin, etapa berri bat ireki nahi dute, eta Kataluniaren etorkizun politikoari irtenbidea bilatu, alde biak urruntzen dituzten jarrerak gorabehera.

Biek ala biek jakin badakite neurri batean adostasun eza eta zailtasunak dituztela abiapuntu hastear duten prozesu "maldatsuan". Batetik, Juntsen iritziz, legitimoa da 2017ko urriaren 1ean Katalunian egin zuten erreferendumaren emaitza, baita egun batzuk geroago, urriaren 27an, egindako independentzia deklarazioa ere. Bestetik, PSOEk ukatu egiten ditu erreferendum horren legezkotasuna eta deklarazioa bera, eta aldebakarreko edozein ekintza arbuiatzen du. Aldi berean, irizten dio, nork bere jarrerari iskin egin gabe, itun garrantzitsuak egin daitezkeela.

-Erreferenduma: 

Itunean oinarrituta, Juntsek hilabete honetan bertan, alegia, lehenengo bileran, Kataluniaren autodeterminazioari buruzko erreferenduma proposatuko du. PSOEk, berriz, mekanismo juridikoez baliatuta, 2006ko Estatutuaren garapena aldeztuko du.

-Amnistiaren legea:

Amnistiaren afera hartzen du baitan akordioak, izenik aipatu gabe, eta 2012 eta 2023 arteko epean oinarrituta. "Lawfare" edo gerra juridikoarekin lotutako kasuak ere hartzen ditu barne, indar independentistek eskatutakoa betez.

Hain zuzen ere, amnistiaren legea izan da itun hau "zipriztindu" duen oztopo nagusia, baina azkenean bi aldeek babestu dute "normaltasun politikoa, instituzionala eta soziala bermatze aldera", eta "etorkizun hurbilean heldu beharreko erronkei aurre egiteko ezinbesteko baldintza gisa".

-Sanchezen inbestidura:

Inbestidura saioan, Juntsen diputatu guztien baiezko botoa izango du akordio honen "truke" Pedro Sanchezek.

-Laguntza eta egiaztapena, negoziazio prozesuan:

Itunaren puntuetako batean, bi alderdiek egin dute negoziazio prozesu osoa jarraituko duen laguntza eta egiaztapen mekanismo baten alde.

-Defizitak eta autogobernuaren mugak:

Lehenik eta behin, Autonomia Erkidegoen Finantziaziorako Lege Organikoa moldatzea aginduko du Juntsek, hots, Kataluniari salbueste-klausula ezartzea, eta Generalitatearen sistema instituzionalaren berezitasuna aintzat hartzea, han ordaintzen diren tributuen % 100 lagatzea errazteko. PSOEk, bere aldetik, autonomia finantzarioa eta Kataluniako merkatura sartzea lagatzen duten neurriak babestuko ditu, bai eta egungo finantziazio ereduaren eraginari buruzko eztabaida ere.

Bestalde, azken urteetan —2017ko erreferendumaz geroztik batik bat— beste lurralde batzuetara lekualdatu dituzten enpresen egoitza sozialak Kataluniara itzularazteko plan bat gauzatuko dute.