Politika
Amnistiaren legea
"Ultra itxurako" 200 infiltratu antzeman zituen Poliziak atzo, Ferrazen protesta egin zutenen artean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hiru lagun atxilotu zituen Poliziak, horietako bi agenteei eraso egitea leporatuta eta hirugarrena desobedientzia egotzita. Poliziak ke potoak eta gas negar-eragilea erabili zituen.
PSOEren egoitza aurrean atzo protesta egin zutenen kontra oldartu zen Polizia Nazionala, hainbat abisuren ostean. Agenteek "ultra itxurako" 200 bat infiltratu atzeman zituzten, modu baketsuan protesta egiten ari zirenen artean. Hirugarren egunez, Ferrazen bildu ziren manifestariak, sozialistak kataluniar alderdi independentistekin negoziatzen ari diren amnistia legea arbuiatzeko.
Polizia iturriek zehaztu dutenez, hiru lagun atxilotu zituzten; horietako bi agenteei eraso egin zietelakoan eta hirugarrena desobedientzia egotizta. Poliziak ke potoak eta gas negar-eragilea erabili zituen.
Gainera, egurrezko makilak, burdinazko barra bat eta pala bat konfiskatu zituen. Atestatuaren arabera, kristalezko botilak bota zizkieten agenteei manifestariek.
Madrileko Gobernuko Ordezkaritzak atzo gauean esan zuenez, 3.800 lagun bildu zituen protestak, eta, besteak beste, Voxeko buru Santiago Abascalek hartu zuen parte.
Atzoko istiluak ahotan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Polizia Nazionalaren jarduketa "proportzionala" defendatu, eta agenteei agindu politikoak eman izana ukatu du.